Gastronomia erakusketako sariak banatuko dituzte gaur
Gaur bukatuko da Euskaldarrak elkarteak antolatutako gastronomia erakusketa, elkartean egingo duten afariarekin (21:00), eta bertan banatuko dituzte 38. ekitaldiko sariak ere. Bi astez aritu dira Oarsoaldeko elkarteetako kideak sukaldean sartu eta ahalik eta plater ikusgarri eta goxoenak prestatzen, eta joan den asteko maila ona izan bazen, aste honetan ere maila mantendu dela jakinarazi du Euskaldarrak-ek. Era berean, epaimahaian ere aurpegi ezagunak bildu dira.
Astelehenean Errenteria-Oreretako Txepetxa eta Landare eta Lezoko Altzate elkarteen platerak probatzeko aukera izan zen. Lehenengoek Orkatza hanburgerrak kardo perretxikoekin lagunduta prestatu zuten; bigarrenek, Arkume menestra; eta azkenek, Masailak kakao saltsarekin. Epaimahaian, egunero izaten diren kideekin batera Luis Irizar eta Javier Arbizu sukaldariak izan ziren.
Itsasoko zaporeak, bigarren egunean
Asteartean itsasoko zaporeen aldeko apustua egin zuten parte hartu zuten hiru elkarteek, hirurak Errenteria-Oreretakoak. Beraungo Ostarte elkarteak Pulpo nahaskia mango eta ron ozpin-olioarekin prestatu zuten. Olibeteko Lagunak elkarteak Kantauri itsasoko berdela entsalada epela, hanburgerra eta postrearekin landu zuen. Gure Tokik, berriz, Bakailao konfitatuta iberikoan pistp eta Jerez ozpin-olioarekin egin zuten. Epaimahaian sartu ziren kide berriak Ramon Roteta Hondarribiko Roteta jatetxeko sukaldaria, Angel de Retana Basque Culinary Centerreko irakaslea eta Aritzeder Saez Errenteriako Zaharren Egoitzako sukaldaria izan ziren.
Hurrengo egunean Errenteria-Oreretako bi elkarte (Ondarra eta Niessen) eta Pasaiako batek (Kilkerra) parte hartu zuten. Ondarrak Makaela barazki oinarriaren gainean platerarekin harritu nahi izan zuen epaimahaia; Niessenek Pil-pil erako bakailaoa gari zainzuriarekin eta berberetxoekin; eta Kilkerrak Langostino hanburgerra ogi amerikarrarekin. Urbano jatetxeko Patxi Aizpuru eta Bernardo jatetxeko Bernardo Beltran sukaldariek parte hartu zuten epaimahaian.
Azkenengo egunean, berriz, Oiatzungo bi elkarte Errenteria-Oreretako batekin lehiatu ziren. Arraguako Aldeguna elkarteak Letxerilla takoak saltsan pure eta fruitu lehorrekin egin zuten; Gurutzeko Bizardik, berriz, Bakailu brandada eta Alkartasunak, berriz, Bakailao kailuak Alkartan. Plater horiek Zuberoa jatetxeko Hilario Arbelaitzek eta Iñigo Lavado izen bereko jatetxeko sukaldariek probatu zituzten.