Beraunen ez du atez atekorik nahi auzo elkarteak
Beraungo auzo elkarteak ez du Beraunen atez ateko sistemarik ezartzerik nahi. Joan den martxoaren 17an egindako ohiko batzar nagusian, hondakinak biltzeko sistemen gainean eztabaidatu zuten, eta gehienek (kontrako botorik gabe eta hiru abstentziorekin) Beraunen atez ateko sistemarik ez ezartzearen alde egin zutela esan du elkarteak, “ezta konpostatze komunitariorik ere”.
Ingurumen Batzordeak auzoz auzo egindako bileren ondorioz aritu dira gai horren gainean eztabaidatzen Beraungo auzo elkartean. Beraunen bi aldiz egin dutela jakinarazi du auzo elkarteak.
Atez atekoarekin ez bezala, San Marko Mankomunitateak zabortegia behin betiko ixteko erabakiarekin bat egin du auzo elkarteak, eta “behingoz errealitate bihurtzea” espero dutela esan du, baita Beraungo bizilagunek hainbat eskatu eta defendatutako eskaerak betetzea” ere.
Auzo elkarteak erabaki horren berri arlo horretan zerikusia duten erakunde guztiei emango diela esan du, eta espero dutela hori “errespetatzea”.