Zaharrentzako tailerrak egiteko hitzarmena sinatu dute Irunen
Irungo Udalak, Izarbide elkarteak eta La Caixa fundazioak hitzarmen bat sinatu dute aste honetan, zaharrenei zenbait tailer eskaintzeko. Tailer horiek Gente 3.0 programaren barruan daude, eta Luis Mariano udal gizarte zentroan nahiz Lekaeneako apartamentuetan egingo dituzte. Horiek zentroan lan egiten duten elkarteetako kideei eta apartamentuetan bizi direnez gain, hiriko 60 urtetik gorako adinekoei zuzenduta daude.
Luis Mariano zentroan bi tailer emango dituzte. Lehenengoa, Irribarrez esnatzea abenduaren 3, 4 eta 5ean emango dute 17:00etatik 19:00etara. Horren asmoa ongizatean eta osasunean laguntzea da, “askotan adineko jendearen artean ondo lo ez egiteagatik sortzen diren kezkei erantzun bat ematen saiatuz” , esan dute ekimenaren sustatzaileek. Horrez gain, zenbait argibide emango dituzte gauetan “indarrak hartzen laguntzeko atsedena hartu ahal izateko”.
Bigarrena, abenduaren 10, 11, 12 eta 13an izango da, ordu berean: Zahartze aktiboaren garrantzia. Gorputzak eta garunak nola funtzionatzen duten jakinaraziko dute tailer horretan, baita zeintzuk diren zahartzearen ondorioak ere, eta zein garrantzitsua den bizitzako etapa horretan bizimodu aktiboa egitea.
Lekaenean tailer bakarra emango dute, Irakurle handiak, azaroaren 5, 12 19 eta 26an eta abenduaren 3 eta 10ean, goizez, 10:00etatik 12:00etara. Liburu bat irakurri eta horren gaineko solasaldia egingo dute. “Ez da irakurketa tailer bat, baizik eta topagune bat, betiere komunikazioa hobetzeko eta gizarte harremanak egiten laguntzeko”, azaldu dute antolatzaileek.
Izena azaroaren 1etik aurrera eman beharko da: Luis Mariano tailerrean astelehenetik ostiralera 11:00etatik 13:00etara ta 16:00etatik 20:00etara (943 62 64 66) eta Lekaenean, berriz, astelehenetik ostiralera eman beharko da 16:00etatik 20:00etara (943 11 15 21).