San Fermin jaietarako kartelak aurkez daitezke dagoeneko
Aurtengo San Fermin jaiak iragarriko dituen kartel lehiaketa martxan dago eta parte hartu nahi duenak maiatzaren 27 arte du horretarako aukera.
Parte hartzeko baldintza batzuk bete behar dira. Hauek dira Jai Batzordeak zehaztu dituen oinarriak:
-Pasaian jaio edota bizi den edonork har dezake parte.
-Lanak DIN-A3 neurrian aurkeztu behar dira. Edozein modalitate artistiko erabil daiteke eta kartelean San Fermin Jaiak- Pasai Antxo 2013 leloak agertu behar du. Ez da egilearen sinadura edo bestelako zehaztasunik agertuko. Kartelarekin batera, kartazal itxi bat aurkeztuko dute, eta barruan egilearen izen-deiturak, helbidea eta telefono zenbakia sartu behar dira.
Lanak Kultura eta Hezkuntza Sailean (Euskadi Etorbidea, 61. Trintxerpe. Udal Euskaltegiaren ondoan) aurkeztu behar dira. Behin lan guztiak jasota, Jai Batzordeak aukeratutako epaimahaiak (bost lagunekoa) lan onena aukeratuko du; dena den, saridunik ez egotea gerta liteke.
Irabazleak Leunda tabernan lau lagunentzako bazkaria eta 150 € eskuratuko ditu.