Mundua: 510.000.000 km2 azalera. Horietatik ia 3/4a ura. Eta lurra denari, 149.000.000 km2, euskaldunen herriak egiten dion ekarpena: 20.950 km2.
Oarso Bidasoko herrien ekarpena munduari: Hendaiak ia 8 km2 (1.770 biztanle/km2), Hondarribiak 28,6 km2 (576 biztanle/km2), Irunek 42,4 km2 (1.440 biztanle/km2), Lezok 8,6 km2 (701 biztanle/km2), Oiartzunek 59,7 km2 (167 biztanle/km2) eta Pasaiak 11,3 km2 (1.400 biztanle/km2).
Datuak aintzat hartuz objektiboki oiartzuarrek arnas hartzeko eta kutsatzeko espazio gehiago lukete ondoko bizilagunek baino. Baina hau egiazki horrela al da? Hemengoa ala hangoa izan ez al dugu gure bizitza espazioa azalera kopuru berdinera mugatzen? Zenbatekoa da porlanezko gure bizitza azalera? Zenbat ordaintzen dugu berarengatik?
El bolígrafo del gel verde liburuak, besteak beste, bizitza azaleraz hitz egiten digu. Preso egon gabe ere ziega handiago baten barruan bizitzeko dugun joeraz. Liburuari buruzko kritika bat aukeratu eta euskaratzekotan, honelaxe laburbildu daiteke liburuaren edukia:
«El boligrafo de gel verde liburuan, deskribapen zehatz, zorrotz, bikain eta lazgarriaren bitartez, denbora eta, ondorioz, bizitza nola galdu daitekeen aztertzen du egileak.
Bizitzako azalerak:
Etxea: 89 m2.
Igogailua: 3 m2.
Garajea: 8 m2.
Lantokia: sala, 80 m2 edo.
Jatetxea: 50 m2.
Kafetegia: 30 m2.
Rebekaren gurasoen etxea: 90 m2.
Nire gurasoen etxea: 95 m2.
Guztira: 445 m2.
Bizi al daiteke bizitza osoan zehar 445 m2-tan?
Seguruenik bai, seguruenik ezagutuko duzu jende asko hala bizi dena. Ziega batetik mugitzen diren pertsonak, preso egon gabe; egunero jaikitzen direnak jakinik dena atzo bezala izango dela, biharko ere hala izango den bezala; bizirik egonagatik ere hilik sentitzen diren pertsonak».
Aurkitzen zentzurik? Eta m2-tan neurtutako bizitza azalera horrengatik ordaintzen dugun prezioa neurtuko bagenu? Astakeria galanta ezta? Bizitza 445m2 eta ehun milaka euroren truke.
Bizitzaren amaieran hil kutxa batean 2 m2-ko azalera okupatuko lukeen edota erraustuz gero batere ez okupatuko ez lukeen gorputz honek ez al luke bestelako bizitza azalerak, dirutan neurtu ezin daitezkeen bestelako espazioak eta sentsazioak esperimentatu, bizi edota erabili beharko? Ez al genuke ikusezinak diruditen baino edozein harresi baino altuago eta sendoago eraiki ditugun barne muga horiek noizean behin apurtu beharko, dela ilusio berriak sustatuz, dela proiektu eta asmo berriak gauzatuz, dela aldian behin geure buruari so egin eta egiazki zer nahi dugun galdeginez eta erantzunez?
Asko tematzen gara egunerokoari eusten, egunerokoa alda ez dadin borrokatzen, honen eta beste horren izenean. Polikiegi hausnartzen dugu eta polikiegi sentitzen aldatzeko gogoa. Borondatez baino, beharragatik mugitzen gara edo mugiarazten gaituzte. Noranzko berriak proposatzen dizkiguten aldiro gotortu egiten gara, defentsa harresiak eraikitzen eta bortizki defendatzen ditugu, dela arraiak etxean utz dezakeen usainaren aitzakiapean, dela festak eragiten digun sentimendu transmititu ezin horren aterkipean, dela delakoaren aitzakiapean.
Bizitzaren perspektiba galdu egiten dugu, eta benetan garrantzitsua denarengatik bizitzea ahazten dugu. Egiazki merezi duen horri uko egiten diogu, sikiera aukera bat eman gabe. Gure 2 metro koadroko munduari hamaika mundu bizitzeko aukera ukatzen diogu. Gure izateari egiazki atxikia dagoen eta inork kendu ezin digun bizi dohaina alperrik galduz.
Arrazoi duzue. Zortekoa ni, halako pentsamendu pribilegiatuak izateagatik. Egunak joan eta egunak etorri gose edota lan bila edo aterpe bila bizi ez naizen seinale.