Lurgorriko bizilagunekin "ados" jarri direla esan du Kerejetak
Lurgorriko bizilagunek zenbait arazo izan dituztela eta, joan den ostiralean Udal Gobernu Taldeak euren kezkak entzun zituen. Aitor Kerejeta alkatearen arabera, bileran “giro atsegina” eduki zuten, eta iritziak partekatzearekin batera, “ados” jarri ziren.
Bilera horretan alkatearekin batera Juan Mari Altuna alkateordeak eta Miguel Angel Muñagorri Txingudi Zerbitzuetako gerenteak parte hartu zuten.
Kerejetak jakinarazi duenez, apirila bukaerako espero dute jakitea Eusko Jaurlaritzak enkargatutako itsaslabarraren egungo egoeraren gaineko azterketa, eta behin esku artean izanda, bizilagunei emango dietela gaineratu du. Bestalde, Iberdrolaren eraldatzailea udalari dagokion gaia ez dela adierazi du, baina “bitartekari lana” egingo dutela, “bai Iberdrolarekin baita Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzarekin”.
Horrez gain, Txingudiko Zerbitzuek proiektutako saneamendu proiektuari eta ur beltzetarako hodi biltzaileei buruz ere jardun zuten, eta Muñagorrik “xehetasun guztiak” eman zizkietela azaldu du udalak: “Proiektuak bi alderdi diut, publikoa eta pribatua. Obra publikoa egiten ari da, eta milioi bat eurotik gorako inbertsioa da; beti ere jabeek haien proiektuari dagokion zatia egitea onartzen badute”.
Autokarabanentzako aparkalekuaz ere jardun zuten, eta informazio ematearekin batera, alderdi politiko bakoitzaren iritziaren berri eman zieten, “proiektua gauzatzen hasteko”, Kerejetak azaldu duenez.