Joakin Mendizabal lehendakari ohiari oroigarria eman zion atzo Aiora Perez de San Roman alkateak
Gazte Izanak erretiratuen elkarteko zuzendaritzako kide ohiak dira Joakin Mendizabal eta Karlos Larburu. Urteetan egindako lana aitortu eta oroigarri bana banatu zien Oiartzungo Udalak. Mendizabal 17 urtez izan da elkarteko lehendakari, eta Larburu 15 urtez ibili da zuzendaritzan, kontu-hartzaile lanetan.
Atzo jaso zuten oroigarria Aiora Perez de San Roman alkatearen eta Pello Aramendi Gizarte-ongizateko zinegotziaren eskutik. Alkateak esker ona adierazi zien biei ala biei, “herrian inplikatzeagatik eta urte hauetan guztietan egindako lanarengatik”. Mendizabalek oraindik laguntzeko prest dagoela adierazi zien zuzendaritza lanen ardura bere gain hartu duten erretiratu lan-talde berriari.