Hogeita bost testigantza, Luzuriagan sortuak
Koldo Izagirrek atzo arratsean aurkeztu zuen Antxoko Kultur Etxean Voz y vida obrera. Luzuriaga. Hogeita bost lekukotasun liburua. Izenburuak argi aski uzten du Sorginarri bildumako liburuaren oinarria eta helburua zein den: Luzuriagan lan egindako hogeita bost langileren ahotsari forma eman dio Izagirrek, Antxon, Oarsoaldean eta Gipuzkoan zentzu askotan -lanean, egiten zituzten produktuetan, langileen borrokan, sindikalgintzan…-eredu izan zen enpresako langileei, alegia. 22 gizonen eta hiru emakumeren bidez, Izagirrek jaso nahi izan du tarte asko izan dituen aro baten irudi orokor nahiz pertsonala. Hondotik Ondora Pasaiako itsas ondareari balioa emateko jardunaldien barruko aurkezpena izan zen atzokoa.
25 langile horiek ia mende erdiko testigantza eman dute. Izan ere lekukotasunen artean daude 1940ko hamarkadaren erdialdean Luzuriagan hasi ziren langileak, eta ia XX. mende bukaerara arte lanean izan zirenak. Izagirrek atzoko aurkezpenean aipatu zuen, Luzuriagari buruzko liburua egina dagoen arren, “bertako ondarea eta memoria berreskuratzeko lan asko” dagoela egiteko, “gaia ez dago agortuta”. Gainera, bereziki gogoan izan zuen Antxoko idazleak Domingo Iriarte. Liburuan haren testigantza jaso zuen egileak, baina liburua argitaratu aurretik hil egin zen. Kultur Etxea bete egin zen atzo. Ikusleen artean izan ziren liburuari ekarpena egin diotenak, horien senitartekoak, eta antxotarrak oro har.
Bere hizketaldian bi kezka agertu zituen idazleak. Bat, Luzuriagatik egun uki eta ikus daitekeen eraikin bakarrari buruzkoa, enpresako bulegoen eraikina: “Antxotarrok Historia Mintegian ari gara lanean hura berreskuratzeko, baina erakundeek ez dute ilusiorik”. Bigarren kezka, Luzuriagako agiriei buruzkoa: “Inongo sindikatutan ez dago Luzuriagari buruzko agiririk, nahiz eta esan zidaten agiriak digitalizatuta daudela”.