Burdina, egurra, harria; indarra, grina, elkartasuna. Lehengai desberdinak, baina emaitza bera: tinkoa den mugarria.
Azken egunetan indar handia izan dute Donostiako gazte auziperatuen aldeko protestek. Euskal herritarrek herri harresi sendoa eraiki dute kondenatutako gazteei babesa emateko. Apirilaren zortzian epaia Donostiara iritsi zenean makina bat pertsona hurbildu zen ilunabarreko agerraldira. Geroztik, ehunka gaztek eta helduk hartu dute parte protestetan. Asteartean bertan donostiarrek Aske gunea jarri zuten martxan herria epaiaren aurka dagoela aldarrikatzeko. Bertan erakutsi zen indarra biolentzia erakustaldi bihurtu zuen Ertzaintzak asteazkenean Aske gunera bortizki sartu eta Ekaitz Ibero gaztea atxilotu zuenean. Goiz hartan argi gelditu zen zein den indar erakustaldi eta biolentzia erakustaldi baten arteko aldea. Oihuak, kolpeak, zaurituak eta identifikatuak. Harresia suntsitzen ahalegindu ziren, alperrik.
Goiz hartan argi gelditu zen zein den indar erakustaldi eta biolentzia erakustaldi baten arteko aldea. Oihuak, kolpeak, zaurituak eta identifikatuak. Harresia suntsitzen ahalegindu ziren, alperrik
Donostiarraren atxiloketak herri harresia tinkoagoa bihurtu zuen. Egun haietako indarrari grina batu zitzaion eta Aske gunea egunetik egunera gehiago bete zen. Ostegunaz geroztik hamaika ekitaldi izan zen bertan: kontzertuak, pailazoak, bertsolariak, asanbladak, antzerkiak, bazkari herrikoiak… Elkartasunak harresia harrizko bilakatu du. Herritarren babesa ikaragarria ari da izaten. Astelehen arte jendeak giza zutabeak egiten zituen goizero goizero kondenatuak etxetik atera zitezen eta iluntzean ere lagunez inguratuta joaten ziren gazteak etxera. Iberoren atxiloketan ere dozenaka pertsona baztertu behar izan zituen Ertzaintzak eraman nahi zuten gaztearengana iristeko. Larunbateko manifestazioan harresiaz inguratuta egon ziren kondenatutako gazteak. Dagoeneko badira egun batzuk gazteek eguneko hogeita lau orduak Aske gunean pasatzen dituztela, asteartean atxilotze aginduaren berri jakin baitzuten. Elkartasunak, noski, ez du etenik eta ehunka lagun gelditzen dira egunero bertan gaua pasatzen eta harresia zaintzen.
Azken egunetan gizarteak indar erakustaldi ikaragarria egin du. Eta hemen gauzak ez direla Madrilen bezala ikusten aldarrikatu du. Benetako demokraziaren aldeko aldarriak gizartearen grina du oinarri eta hori ikusi nahi ez duenak ikusi nahi ez duelako da.
Seguruenik egun hauetan makina bat bider izan duzue kontu hauen berri, baina seguru nago gogoeta beste behin egitea ez dela alferrikako lana izango. Ez gaitezen lokartu eta Donostiakoa ez dadila izan indar erakustaldi hutsa. Harresia eraiki dugu eta orain horri eustea da lana. Egunero egunero indarraz, grinaz eta elkartasunaz; egunero-egunero burdinaz, egurraz eta harriz.