Beloagako gazteluaren aztarnak
Beloagako gazteluari “merezi duen balioa” emateko, Oiartzungo Udalak kontsolidazio proiektua eskatu dio Aranzadiri. Beloaga ezagutzeko, bestalde, ibilbide bat prestatu du herriko talde batek eta Andrearriagako hilarriaren kopia jarri dute.
Konkistatua izan zen, indarrez. Orain berriz ere konkistatua izango da, maitasunez. Beloagako gazteluari “merezi duen balioa” eman nahi dio Oiartzungo Udalak, eta nola ez indusketa lanak bultzatu dituzten Oiartzungo Nafarroa Bizirik taldeko kideek. Herri konkistaren bidean jarri dira guztiak.
Balio hori modu askotara eman daiteke eta horietako bat errekuperazioarena da. Udala “gazteluaren aztarnen egoerarekin kezkatuta”, Aranzadi Zientzia Elkarteari kontsolidazio eta irisgarritasun proiektua eskatu dio eta horretan buru-belarri Anartz Ormaza arkitektoa dabil. Helburua argia da: gazteluaren hondamena geratzea eta bertara joateko bidea erraztea.
Proiektua fase desberdinetan egingo dela azaldu du Ormazak: “Iaz indusketa arkeologiko txiki bat egin zuten hainbat puntutan, aztarnen egoera zein zen jakiteko. Nahiko material atera zuten indusketa hartatik. Kontsolidazio fasean dauden hormak kontsolidatu egingo dira, karezko mortero batekin. Pitzadura batzuk badaude eta horma batzuk ez daude egonkor… Behintzat dagoena egonkortu beharra dago”. Hori lehenengo fasean. “Hurrengo fasean, zati batzuen hormak altxatu beharko lirateke, guztiek kota bera izan dezaten. Eta azken fasean irisgarri egin behar dugu, eskailera batzuekin eta”. Esku-hartzeak, baina, aztarnei ez diela kalterik egingo nabarmendu du: “Ez da aztarnak hipotekatzen dituen esku-hartze bat izango”.
Proiektua Gipuzkoako Foru Aldundiak ezartzen dituen irizpideak jarraituta egin behar dute. “Aldundiak proiektua gainbegiratu egiten du, azken batean aztarnen eta esku-hartzeen arteko oreka bermatzen dela jakiteko. Aldundia oreka mantentzearen aldekoa da, dagoena mantentzearen aldekoa, alegia, eta ez erreproduzitzearena”, azaldu du Anartz Ormazak.
Oiartzuarrek sustatutako proiektua
Proiektua laster izango dutela pentsatzen du Ormazak. Behin bukatuta, udalaren esku jarriko dute eta berak erabaki beharko du lanak nola egingo diren, zein fasetan… diruak ere izango du horretan guztian eragina.
Lanaren zati handi bat, baina, auzolanaren bidez egingo dela pentsatzen du Aranzadiko arkitektoak: “Oiartzungo talde batek sustatutako proiektu bat da, lan asko egin dute. Indusketaren zati handi bat ere auzolanean egin zuten. Proiektuaren filosofia ildo horretatik jarraituko duela uste dut”.
Beloagako gaztelua horrela izan zitekeela pentsatzen dute
Udalaren esanetan, proiektua gauzatuko balitz, “Beloaga aisialdi eta kultura alorreko baliabide gisa eskaini ahal izango litzateke Baliabide horren bitartez, Gipuzkoako historiaren mugarri nagusienetako bat ezagutaraziko litzateke”.
Ibilbidea
Beloagari balioa emateko beste modu bat tokia bera ezagutzea da. Horretarako ibilbide bat prestatu dute, Gurutzeko biribilgunetik abiatzen dena. Ibilbidea hasi eta puska batera, Andrearriagako hilarria dago, ibilbidean orain dela aste batzuk jarria.
Hilarriaren kopia bat bide bazterrean dago, toki oso txarra bisitatu ahal izateko. “Garai batean jendea oinez pasatzen zen bertatik eta gelditu, komentatu… egiten zuten. Orain errepidea pasatzen da eta jendeak ez du ezagutu ere egiten”, esan du Joxemari Iturrioz Oiartzungo Nafarroa Bizirik taldeko kideak.
Beloagaren eta hilarriaren artean lotura historikorik ez dagoen arren (Beloaga Erdi Arokoa da eta hilarria erromatar garaikoa), interesgarria iruditu zitzaien paraje hura ezagutzeko testuinguruan jartzea. Ibilbidean zehar bestelako gauzak ikusi eta ezagutzeko aukera ere baitago: Arkale azpian bigarren mundu gerran egin zituzten bunkerrak, langile bataloiak ere bertan izan ziren… “Dena den, badira aditu batzuk esaten dutenak Arkalen bazegoela erromatar garaiko gotorleku bat, baina orain arte behintzat ez da ezer aurkitu”, azaldu du Iturriozek.
Hirugarren kopia
Andrearriagako hilarria, originala, Donostiako San Telmo Museoan dago. Kopia bat Irungo Oiasso Erromatar Museoan aurkitzen da eta beste bat Oiartzungo Gurutze auzoan. “Ibilbidean harria jartzeko hirugarren kopia egitea astakeria iruditzen zitzaidan hasiera batean”, esan du Iturriozek. Gurutzekoa ibilbidera mugitzea pentsatu zuten hasieran, baina hori ezinezkoa izango zela aipatu zion Aranzadiko kide batek, “nahiz eta kopia izan, historia handia duelako”.
Hirugarren kopia egitea erabaki zuten orduan. “Harri bat erosi genuen eta kopia neronek egin nuen. Ondo xamar atera zitzaidan egia esan…”, barrez Iturriotzek.
Berri-berria dagoela ikusten den arren, testimonio polita uzten duen harria da.