Ibaia garbitu ondoren, afari merienda izango da
Hibaikak auzolana antolatu du gaurko, eta Oiartzun ibaia garbituko dute, hain zuzen. 18:30ean geratu dira Merkatuzarren, eta bi orduz ariko dira Fanderia inguruan ibaira botatzen diren materialak biltzen. Bukatutakoan, parte hartzaile guztientzat afari merienda izango da. Euririk egiten ez badu ibai ertzean izango da, eta euria botaz gero, Zubia tabernan.
Merkatuzarren bildu bezain laster, ekintzaren nondik norakoak kontatuko dizkiete partaideei: garbiketa lekua adierazi, arriskuez ohartarazi, zaborraren sailkapena eta tratamendua… Bertan izango dira ere Ur Garden boluntario taldeko, Ekoinfo Gipuzkoako giden elkarteko eta Herri Biziako kideak.
Ondoren, Fanderia aldera joko dute, egurrezko bigarren zubira (Gabierrotako azkeneko zubia). Zaborra jasotzeko materiala banatuko dute, eta jarraian, lan eta lan hasiko dira. “Zaborrak azaldutako moduan jasoko dira, eta zaborren metaketa leku irisgarrietan egingo da, gero arduradunek erraz jaso dezaten”, adierazi dute antolatzaileek.
Eraman beharreko materiala
Ekintza horretan parte hartuko dietenei zenbait aholku eman dizkiete material aldetik. Hala, oinetako gogorrak (katiuskak edo mendiko botak) eta uretako arropa edo aldatzeko arropa eramateko eskatu diete. Beste materiala, eskularruak nahiz garbiketarako materiala, bertan banatuko dute.