Añarberen gaineko sentsibilizazio kanpaina abiatu du Eguzkik
Eguzki talde ekologistak kanpaina bat martxan jarri du Añarbe baso erreserbaren gainean herritarrak sentsibilizatzeko. Hala, datozen asteetarako hainbat ekitaldi antolatu ditu. Astelehenean, hain zuzen, Zergatik eta noizko baso erreserba? hitzaldia emango dute Asier Jaka eta Kiko Alvarezek. Jaka Donostiako Udaleko Ingurumen zinegotzia da eta Alvarez biologoa eta ingurumen aholkularia.
Ekainerako, berriz, baso erreserbari buruzko erakusketa jarriko du Xenpelar Etxean. Ekainaren 24tik 30era egongo da jarrita. Horrez gain, asmoa dauka Añarbe ezagutzeko txango gidatua egiteko. Oraindik, ordea, ez du data zehaztu.
Zazpi urteko bidea
Añarbe baso erreserba izateko proposamena egin zutenetik zazpi urte pasatu direla jakinarazi du Eguzkik. Zentzu horretan, “kezkatuta” dagoela esan du. Horregatik, Gipuzkoako Foru Aldundiari zein Eusko Jaurlaritzari eskatu die Errenteria-Oreretako Añarbe eta Donostiako Akerbeltz basoak babes osoko eremu izenda ditzaten.
Eguzkiz gain, Haritzalde, Ekologistak Martxan, Urdaburu mendizale elkarteak, Girizia mendi taldeak eta Club Vasco de Camping taldeek ere bat egin dute eskaerarekin.
Eguzkik beharrezkotzat jo du baso erreserba izendatzea, “pagadi eta harizti horiek bermatzen baitute Añarbeko uraren kalitatea, gipuzkoarren %60ari urez hornitzen diena”. Gaineratu du Gipuzkoako eta Bizkaiko hariztirik zabalena dela.
Horrez gain, gune horretan fauna eta flora “aberastasuna” dagoela esan du, “beste tokietan ez dagoena”. Zentzu horretan, “gainontzeko erabilpenen gainetik” bertako flora eta faunaren kontserbazioa lehenetsi behar dela esan du talde ekologistak, “bereziki, gaur egun Euskal Herrian eta mundu osoan pairatzen ari garen ingurumen krisiaren aurrean”.