Torreviejara begira, entsegu irekia emango du Orereta abesbatzak
Orereta abesbatzak entsegu irekia emango du bihar, 20:00etatik aurrera, Andra Mari Abesbatzaren egoitzan. Entsegu horrek helburu nagusi bat izango du asteburuan Torreviejan (Alacant, Herrialde Katalanak) habaneren nazioarteko jaialdiaren barruan emango duen kontzertua prestatzea. Hala, Torreviejara eramango duten programa entzun ahal izango dute bertaratutakoek. “Gurasoak, lagunak eta lehiaketan parte hartuko ez duten abeslariak gonbidatuta daude, herritar guztiak, azken finean”, esan du Andra Mariren koru gazteak.
Torreviejan egingo den lehiaketan Hego Korea, Asturias, Ciudad Real eta Valentziako abesbatzekin lehiatuko da Orereta abesbatza. 54 gazte joango dira, 11 eta 17 urte bitartekoak. Pianoan, Erik Garcia arituko da. Lau kantako programa eramango du koru gazteak: La dulce habanera (Ricardo Lafuente Aguado), Prueba de amor (herrikoia, Juan Maria Guiraok moldatua), Habaneras del carnaval (David Azurza) eta Oihu hau (David Azurza).