
Agramonte kaleari Zulueta esaten diote oraindik
Jose Angel Katarainek zuzenduriko
Siete calles de la Habana dokumental sortako
Zulueta, azúcar moreno atala proiektatuko dute gaur Banako tabernan, 20:00etan. Atzo
Belascoain, la calle de los pelotaris kapitulua ikusteko aukera izan zen eta bildutakoek txalo zaparrada eskaini zioten Katarainen lanari. Ez zen jende asko elkartu, baina zeudenak ez ziren bere lekutik mugitu filmak iraun zuen 80 minutuetan. Atzo ikusi ez zuenak bihar izango du aukera, 20:00etan errepikatuko dutelako.
Amaia Apaolazarekin batera Katarainek grabaturiko dokumentalek euskadunok Kubako hiriburuan utzitako arrastoak arakatzen dituzte, euskal abizenen kaleak aitzakitzat hartuz. 28 dira guztiram baina zazpi aukeratu dituzte, duten garrantziagatik. Kale bakoitzeko atal bat grabatzen ari dira eta dagoeneko bi bukatu dituzte, aste honetan Banakon ematen ari direnak.
Zatirik handiena Habanako kaleetan filmatuta dago, baina elkarrizketa asko bildu dituzte eta nabaria da dokumentazio lan itzela egin dutela. Erreferentzia historikoak eta bertan bizi edo bizi izan diren euskaldunen eta kubatarren adierazpenak uztartzen dituzte eta, informazioa emateaz gain, gizatasun handiko emaitza lortzen dute, hunkigarria batzutan eta malenkoliaz beterikoa beste batzuetan. Ez zaio umorea falta.
Soinu banda ere nabarmentzekoa da, hango eta hemengo musikariak elkartzen baititu. Lehen atalean, besteak beste, Orquesta Baobab, Carlos Varela, Ruper Ordorika, Mikel Laboa edota Jabier Muguruza irundarraren abestiak entzun ziren, azken hau Roberto Yabenekin batera abestutakoa. Jabierren anai Fermin ere ageri da
Siete calles de la Habana egitasmoaren laguntzaileen zerrendan.
Gaurkoa, esklabu salerosketaz
Gaur
Zulueta, azúcar moreno kapituloa emango dute, Zulueta kaleari buruz grabatutakoa. Aspaldi aldatu zioten izena —Agramonte da orain—, baina Zulueta esaten diote oraindik herritarrek. Araban ezagunak ziren zuluetarrak, XIX. Mendean esklaboen salerosketarekin aberastu zirenak. 1815etik 1865era milioi erdi esklabo iritsi ziren Kubara eta horietako asko Julian Zulueta arabarraren ekimenez.
Alava izeneko landan 600 esklabok lan egiten zuten berarentzat, azukrean. Eta ez zen hori Zuluetak irlan zuen Ingenio bakarra; besteak beste, Vizcaya eta Habana izenekoak zituen. Pertsonekin komertziatzeaz gain, politikan goi karguetan ere jardun zuen, Kuban zein Euskal Herrian.
Zulueta, azúcar moreno ere bitan emango dute aste honetan, gaur eta ostiralean. Bi emanaldiak 20:00etan hasiko dira eta sarrerak 3 euro balioko du.