Hondarribiko DYAk Osasuna eta Istripuen Prebentzioaren Astea antolatu du heldu den asterako, hilaren 22tik 26ra. Astean zehar hitzaldi eta tailerrak egingo dituzte eta asteburuan istripu baten simulazioa. Jarduera guztiak doan izango dira, baina izena ematea eskatzen da. “35 urte larrialdiez arduratzeak zerbait erakutsi badigu zera da, prebentzioa dela gako nagusiena istripuak gutxitzeko eta gaixotasunen agertzea saihesteko”, adierazi dute DYAtik.
2009an abiatu zuen DYAk Gipuzkoako Irakaskuntzako Eskola, “probintziako herri ezberdinetan doako jarduerak burutzeko helburuarekin”. Horren barruan kokatzen da Hondarribian egingo dute Osasuna eta Istripuen prebentzioaren astea. Doan izango da eta bi ataletan banatuko dute: batetik, hitzaldi eta tailerrak emango dituzte astean zehar eta, bestetik, istripu baten simulazioa egingo dute asteburuan.
Ekitaldi batzuekin zein bestearekin, “ahalik eta pertsona kopuru handienari gaixotasunak eta istripuak saihesteko eta, istripuen ondoren, osasuna eta ongizatea suspertzeko oinarrizko kontzeptuak irakatsi” nahi ditu DYAk. Hitzaldiak eta tailerrak astelehenetik ostiralera izango dira, biak barne, 19:00etatik 21:00etara, DYAko egoitzan (Soroetagain kalea, 6-7, behea).
DYAko arduradunek azaldu dutenez, asteko jarduera guztiak parte hartzaileak izango dira: “Jarduera guztiak oso parte-hartzaileak izango dira non azaldutako eduki teorikoez gain, bertaratutakoen testigantzek eta parte-hartzaile guztien kontsulta eta iritziekin mahai-inguru batek lekua izango duten”.
Osasuna eta istripuen prebentzioaren asteko ekitaldi guztiak doan dira, baina komeni da izena ematea aldez aurretik, antolatzaileek jakin dezaten jarduera bakoitzean zenbat jende izango den. Izena emateko bi bide daude, 943 46 46 22 telefono zenbakira deitu (egun osoan) edo
helbide elektronikora mezu bat idaztea.
Osasuna eta Istripuen Prebentzioaren Astea. Hitzaldi eta tailerrak
- Hilak 22, astelehena: Ohiko larrialdiak eta egoera hauetan izan beharreko jokabideari buruzko hitzaldia: miokardioko bihotzekoa, konbultsioak, zorabioak, traumatismoak, erredurak eta Garun-Baskular istripuak.
- Hilak 23, asteartea: Hesgailuen oinarrizko tailerra: eskua, besoa, sorbalda, oina, belauna eta hanka.
- Hilak 24, asteazkena: Etxeko Istripuen prebentzioari buruzko hitzaldia: erredurak, erorketak, intoxikazioak….
- Hilak 25, osteguna: Bihotz-biriken suspertzeari buruzko tailerra; bertaratutako guztiek oinarrizko mugimenduak praktikatu ahal izango dituzte.
- Hilak 26, ostirala: Zure bihotza zaintzea hitzaldia; bizitza osasungarri bat eramateko kontuan izan beharreko alderdi guztiez hitz egingo dute.