Herrera Herrira: "Toporako bide berria ez da duina"
Pasaiako Herrera Herrira herri ekimenak iritzia eman du Herrerako topoko geltokira iristeko egin duten oinezkoentzako pasabide berriaren gainean. Guztiz kontrakoa da iritzia, gainera. “Ez da duina. Adar jotzea da. Ez da herritarrek nahi eta behar dutena. Alderantziz, herritarrek nahi dutena da zonalde hori guztia biziberritu, bertan dauden pabilioiak eraits daitezela, eta Kaiko Herrerako eremua ordenatzen has daitezela, Pasaiako Udalak onartu eta guk landu genuen herri proposamenaren arabera”.
Hala, Herrera Herrira-koek garbi utzi dute Kaiko Herreraren ordenazioan adabakia dela pasabide berri hori, eta duela lau hilabete mobilizazioa egin zuten topoko geltoki horretatik hurbilen dagoen zonaldea berreskuratzeko eta toporako bide “duina” egiteko. “Aspertuta gaude hainbeste adar jotzerekin, gure eskaerei muzin egitearekin. Erakundeak beste alde batera begiratzen ari dira, norabide egokian urratsak egin beharrean”.
Horregatik Herrera Herrira-k deia egin die Pasaiako nahiz Donostiako udalei, eta Jaurlaritzari nahiz aldundiari, “atzerapenik gabe” Portu Agintaritzari eska diezaiotela Kaiko Herrerako eremua “udalerriari emateko”, eta “lehenbailehen” has dadila euren proposamena egikaritzen, “gure auzoen arteko lotura handitzeko, eta ekonomia eta gizarte ardatz izateko, gure etorkizuna eta etorriko direnena bermatzeko bidean”.