Emakumea bertsotan jardunaldien barruan parte hartuko du Ainhoa Agirreazaldegi (Elgeta, 1978) bertsolariak, bihar, 19:00etan, Xenpelar Etxean. Bertsolaritza gizonek sortu eta gizonak aritu izan diren alorra izanik, ikuspegi feminista batetik landuko du gaia,
Emakumeak eta bertsolaritza. Begirada feminista bat izeneko hitzaldian.
Bihar hitz egingo duzun gaia Emakumea eta bertsolaritza. Begirada feminista bat izango da. Bertsolaritza, gizonak nagusi izan diren espazio hori, nola landuko duzu ikuspegi feminista batetik?
Hain zuzen ere, hori da gakoa. Orain gutxi arte batik bat gizonek egina, gizonek entzuna eta gizonek aztertua izan da. Poliki-poliki azken urteetan hasi gara emakumeak ere egiten bertsolaritza, eta orain aldatzen dena da aztertzeko begirada hori. Zientziak begiratzeko begirada ezberdinak daude, eta ez da gauza bera kontzientzia feminista bat daukan begirada bat, zerbait aztertzeko momentuan, edo ez daukana. Kontzientzia horretatik bertsolaritzari emandako begirada bat da: zer gertatzen den emakumeen presentziarekin eta presentzia ezarekin.
Gaur egun pixkanaka parekatzen ari da bertsolaritza. Errenteria-Oreretan egingo den ziklo honek, ordea, orain izan ezik garai batean ere bertsotan aritzen ziren emakume horiek ere ezagutarazi nahi ditu. Zer dela eta uste duzu ez ditugula ezagutzen emakume horiek gaur egun?
Ni ez naiz aztertzailea, batik bat gaur egungo egoera aztertu baitut, baina uste dut kokatu beharko ginatekeela historiako emakume horien garaietan, zein bizimodu zeukaten ulertu. Lehenengo eta behin bertsoa bada festa guneko edo ekintza ludiko bat zenbateraino aukera zuten horretarako, eta egunerokoan zituzten zereginekin zenbaterainoko aukera zuten euren burua horrelako jarduera ludiko batean jartzeko. Bigarrenik, bertsolaritzan euren buruari espazio bat ematen ziotenak askotan ingurunerik ere ez zuten, eta ingurune horrek ere oztopoak jarriko zizkioten.
Hala ere, gaur egun egoera parekatzen ari dela eta, esan behar dut pertzepzioa eta errealitatea ez datozela bat. Hori biharko hitzaldian aipatuko dudan beste aspektu bat da. Alegia, gauza bat dela kopuruetan hurbiltzen hastea, baina ibilbidean, espazioan, leku hartzean eta ahotsean parekatze hori ez dagoela hain gertu. Gauza bat dela zenbakiek esaten dutena, eta beste bat hor barruan egin dezakegun irakurketa.
Pertzepzioa eta errealitatea ez datoz bat bertsolaritzan”
Zein egoeretan ikus daiteke oraindik lan handia dagoela egiteko?
Biharko azterketak hori landuko du: bertso eskoletan emakumeak hasi ginenean zer gertatzen zen, hasi arren, zergatik utzi zuten horrenbeste emakumek bertsolaritza, zer gertatzen zen plazetara salto eman zuten lehen emakume horiekin… Ondoren, aztertuko dugu lehenengo aldiz bertsolaritzako emakumeak elkarrekin biltzen hasi ginenean zein ondorio atera genituen, eta noiz hasi zen gugan kontzientzia feminista garatzen, eta hirugarrenik, zer egin dezakegun etorkizunera begira oraindik ere gizonarena den eremua geurea ere izateko edo guk geurea dela sentitzeko eta geuretik sortzeko, eta ez horrenbestez gizonen imitaziotik. Azken finean, bertsolaritza eta arte sorkuntza guztiek lehenengo pausoa izaten dute, eta da sorkuntza. Eta noski, imitatzeko gizonak bakarrik baditugu kosta egiten da emakumeen ahotsa bertsolaritzan entzutea.
Imitatzeko gizonak bakarrik baditugu, kosta egiten da emakumeen ahotsa bertsolaritzan entzutea
Bertso eskolek bultzatu dute emakumeen parte hartzea bertsolaritzan?
Ustez, denentzako irekiak izan dira. Eskoletatik tira egiten zaie bertso eskolei, eta eskoletan neska eta mutilentzat eskaintzen da. Gertatzen dena da ematen dugun ereduaren arabera, neska edo mutil gehiago hurbilduko dela, eta eskoletan erakusten dizkiegun historiako bertsolari guztiak gizonak badira, seguruenik emakumeek ispilu falta bat nabarituko dute inkontzientean. Gertatzen dena da orain arte ez dugula eduki ez emakume eta gizonek kontzientzia feminista hori, generoaren kontzeptuak nola eragin dezakeen gure eguneroko bizitzan, arte sorkuntzan… Kontzientzia hori edukitzerakoan hasi gaitezke kontuan hartzen nabarmendu behar ditugula gehiago emakume ereduak, edo kontuan hartu behar ditugula genero aldetik itzal lana egiten duten zenbait ekintza kendu egin behar ditugula, eta lekua egin propio emakumeei.
Tontakeria bat ematen du, baina Maialen Lujanbiok txapela irabazi zuenean, umeak hasi ziren imitatzen bertsolari bat ordura arte ez bezala: puruarekin edo, buruan zapi bat jarriz, erreferentea aldatu zelako. Lan handia egin behar dugu emakumeak ikusarazten, eta neskei beren gaietarako aukera eman. Hor beste mundu handi bat dago zertaz kantatzen den bertsolaritzan.
Maialen Lujanbiok txapela irabazi zuenenean, umeak hasi ziren imitatzen bertsolari bat ordura arte ez bezala
Maialen Lujanbioren txapela mugarri bat izan da?
Lehenbizi Maialen Lujanbiok bertsolaritzan egin duen ibilbidea txapela lortzeraino iritsi da, baina bigarren irakurketa bat ere badago, eta da Maialen Lujanbio emakumea dela. Noski, emakume gehienentzako garrantzitsua da irudikatzea, emakume bat txapelaren azpian ere badagoela. Oso garrantzitsua da lehenengo eta behin, erreferentziak edukitzea. Eta bigarrenik, nik pentsatzen dut Maialen Lujanbio emakume feminista bat dela, eta beraz, emakume feminista baten ahotsa eta Maialenen [Lujanbio] kasuan, hainbeste saiotan ibili denez eta hainbeste lanketa propio egiten dituenez, beti zaigula interesgarri. Oholtzatik, mikrotik, hainbeste gogoeta egiten dituen pertsona baten ahotsa. Gaiak asko dira: politika, ekologia, arlo soziala… gai interesgarri asko daude zeharlerro izan daitezkeenak gure bizitzetan, eta beste gai bat da nire ustez, feminismoa. Orduan ez du etengabe ikuspegi hori aipatuko bere bertsotan, baina bere barruan etengabe zutabeetako bat izatea emakumeen begirada, nire ustez, garrantzitsua da; euskaldun batentzako euskalduntasuna etengabe agertzea beharrezkoa den bezala.
Zu zeu eta beste bertsolari batzuk bazaudete erreferenteak feminismoaren ikuspegi hori lantzeko garaian. Hainbat ekitaldi egiten ari zarete. Hauspo lan hori beharrezkoa da?
Batez ere hemen gabiltzanentzat izan da nolabaiteko arnas gune bat: feminismoa ate berriak ireki dizkigu. Ordura arte, ikusten ez genituen zenbait gauza eta enkortsetatuta egotetik gizonek eraikitako gizonen jardun batetik, bat-batean feminismoa ikustarazi zigun ezetz, ez zuela zertan gizonena izan beharrik bertsolaritzak, eta geuretik kanta genezakeela; ez genituela ordura arteko ereduak imitatu behar. Eta hori izan da leiho berri garrantzitsu bat guretzako.
Nik nahiko berandu deskubritu nuen feminismoa nigan. Bazirudien feminismoa ez zela gizarte garaikide honetako emakumeentzako, baizik eta oso nabarmen zapalduak ziren emakumeen kontu bat zela. Konturatu nintzen arte, sotiltasun pila bat zeudela eguneroko bizitzan eta bertsolaritzan, eta horiek zirela askotan arnasa itotzen zigutenak.
Nahiko berandu deskubritu nuen feminismoa nigan”
Horren ondorioz, etorkizuneko neska mutilek nik egin nuen bidea berriro euren kabuz egin behar ez izateko azkarrago izateko begirada hori jasotzeko bidea, eta aldi berean, gai jartzaileek, beste bertsolari eta entzuleek guk daukagun begirada hori ulertzeko eta ahal bada konpartitzeko horregatik egiten dugu lan hori. Aldi berean, ondo pasatzen dugulako; emakumeentzat izan da elkargune bat halako identifikazio sentsazio gauza askotan, eta batez ere ondo pasatzen dugulako, eta hor sortu da Ez da kasualitatea bezalako bertso saioa eta emakumeok elkarrekin egindako zenbait bertso saio.