Txokolatezko arrautzekin sortu ditu taldeko kideak
Koldo Salinas txokolate maisuak Stop Kaleratzeak plataformaren lana nabarmentzen duen postre bat prestatu du eta Irungo Colon pasealekuan duen Brasil Irunen goxodendako erakusleihoan jarri du. Ukitzen duen guztia txokolate bihurtzen du Salinasek eta gauza bera egin du kasu honetan. Txokolatezko etxe huts bat prestatu du, Txoriso Enea izena duena, eta txokolatezko arrautzekin Stop Kaleratzeak taldeko kideak irudikatu ditu, pankarta eta guzti. Modu honetan, familia askok bizi duten arazoarekin elkartasuna adierazi eta horiek laguntzera irteten diren hiritarrak txalotu ditu gozogileak.