'Laura kanpoan da' irakurriko dute Liburuaren Egunean
Irungo Liburuaren Egunean lau ekitaldi nagusi izango dira aurten. Horietako batean, bi libururen irakurketa egingo dute. Euskaraz, Jabier Muguruza irundarraren Laura kanpoan da irakurriko dute, eta gazteleraz, berriz, Miguel de Cervantesen El Quijote. Biak hilaren 23ean irakurriko dituzte Ikus-Alaia liburutegian, 11:00etatik aurrera. 15 minuturo joango dira irakurlez aldatzen, eta herritarrek parte hartuko dute. Ekitaldi berean udaleko ordezkariek izango dira, Jose Antonio Santano alkatea, kasu. Bertan parte hartzeko 943 50 54 21 telefono zenbakira dei daiteke edo liburutegira joanda.
Ekitaldi berean egongo da Belen Sierra ere. Kultura zinegotziak jendea animatu du beste urte batez euskarazko zein gaztelaniazko liburua irakur dezaten.
Egun berean, gainera, Liburuaren Azoka egongo da jarrita Zabaltza plazan. Elkar eta Oskarbi liburu denden eskutik zenbait liburu erosteko aukera izango da. Horrez gain, zenbait beherapen ere aurkitu ahal izango dituzte azokara joaten direnek.
Poesia eta antzerkia
Bestalde, ostegunean, Ferido de amor errezitaldi poetikoa egingo dute, Zabaltza plazan. Cervantesen lanak errezitatuko ditu Javier Sistiagak eta musikaz lagunduta egongo dira, Diego Ortizen Tratado de glosas musika errenazentistarekin.
Horrez gain, Liburuaren Egunean bertan San Vicente Paul ikastetxeko ikasle zein irakasleek zenbait antzezlan emango dituzte. Horiek 11:30etik 14:00etara antzeztuko dituzte Zabaltza plazan.
Sierraren arabera, aurten poesia nahiz antzerkia bezalako beste diziplinak sartu nahi izan dituzte, ekintza horietan jende gehiagok parte har dezan.