Ondartxoren kanpoaldean dago ‘Sardara’
1954an eraiki zuten arrantza ontzi bat berreskuratzen ari da Albaola elkartea Ondartxoko Itsas Interpretaziorako Zentroan. Euskal kostaldean izan den arrantza ontzirik txikienetakoa da agian, Hendaiakoa ia ziur, tipologia horretakoa bai behintzat.
Sardara du izena, eta ontziaren jabe hendaiarrek eman zioten itsas ondarea berreskuratzeko elkarteari, gal ez zedin, bere ondare balioaz jabetuta. “Hondamenditik ondarera pasatuko da ontzia”, esan dute Albaolako kideek.
Sardara 1954an eraiki zuten Zokoako Iribarren ontziolan. Egun ez da existitzen ontziola hori. Hasieran arrantza ontzia izan zen, baina turismorako erabili zuten batik bat. Albaolakoen helburua da ontziari jatorrian zuen irudia ematea, “eta jasotzen ari garen informazioaren arabera moldaketak egiten ari gara”. Hau da, jatorrizkoak ez diren pieza guztiak kendu, eta jatorrizkoen pieza berdinak, baina berriak, jartzen ari dira.
Baina lixatzeko lanari ekin ziotenean, ezustekoa jaso zuten Albaolako kideek. Pintura geruza urdinaren azpian ontziaren jatorrizko izena agertu zitzaien,
Oyame. Horren gaineko ikerketa abiatu zuten Albaolakoek. Hala, elkarteko kideek joan den azaroan esan zutenez, euren helburua da ontzia uztailerako prest izatea da.