
Zine Txiroarekin jarraituz, Oreretako Gazte Asanbladak beste saio bat antolatu du ostiralerako. Oraingoan, preso eta iheslarien gaiari helduko dio
Barrura begiratzeko leihoak dokumentalarekin. Bost istorio labur kontatzen ditu dokumentalak, bost zuzendarik gidatutakoa bakoitza. “Sarri ezkutatutako errealitate hori modu gizatiarrean” kontatuko dutela azaldu du Zinez dokumentalaren ekoiztetxeak. Filma 22:00etan botako dute, eta jarraian “gonbidatu bereziekin” solasaldia izango dela aurreratu du gazte asanbladak.
Zinez ekoiztetxeak gogorarazi duenez, ia 800 euskal preso politiko daude kartzeletan eta hiru milioi lagunetara iristen ez den herri batean 55.000 lagun atxilotu dituzte: “Asko torturatuak izan dira, bakartuak, urrunduak, sakabanatuak, espetxeko baldintza gogorrenetara kondenatuak, behin eta berriz umiliatuak…
Gerra baten erdian gatibu, trukerako txanpon”.
Hemen ikus daiteke filmaren trailerra.