Gazteentzako TELP tailerra eta Dokusarearen barruko dokumentalen sareko emanaldiak prestatu ditu Donibaneko Prest! taldeak datozen egunetarako. Tailerra hilaren 15, 18, 22 eta 24an egingo dute, eta herriko 15 bat gaztek parte hartuko dute. Dokusarearen barruko dokumentalen emanaldiak, berriz, beheko koadroan daude dira (Victor Hugon egingo dituzte, 19:30etik aurrera). Prest! da ekimenon antolatzailea, baina Aiton-Amonen Aterpearen, eta Bixi-Bixi nahiz Itsas Mendi elkarteen laguntza izango dute horiek aurrera eramateko.
- Hilak 17 (etzi, asteazkena), Autonomia obrera.
- Maiatzak 16 (osteguna), Itoitz, hustu arte.
- Ekainak 13 (osteguna), Den-dena kendu ziguten.
TELP tailerrak
Urriko TELP tailerrekoa da honako irudia
Prest!-eko kideek TELP tailerra egiten duten bigarren aldia dela esan dute. Hala, iazko urrian ere ikastaroa egin zuten, eta parte hartzaileen erantzun ona dela-eta errepikatzea erabaki dute. Prest!-ek tailerraren gaineko honako informazioa eman du, hitzez hitz: “Zenbatetan gertatu zaigu denda, erakunde edo beste edozein tokitara joan eta euskaraz hitz egiten hastean, beste pertsonak euskararik ez dakiela esan eta deseroso sentitzea? Edo alderantziz, norbaitekin gazteleraz hitz egiten hasi eta euskaraz dakiela ondoren konturatzea?
TELP (Taller d´Espai Lingüístic Personal) tailerrari esker horrelako egoeretan dugun jokabideaz ohartuko gara eta naturaltasunez eta eroso nola jokatu ikasiko dugu. Hobetzeko ditugun ohituretan eragiteko baliabideak eskaintzen dira tailerrean, ohitura eta esperientzia propioei arreta berezia jarriz. Izan ere, euskaraz mintzatzeak ez digu zalantzarik sortu behar eta modu erosoan jarduteko aukera gure esku dagoela argi izan behar dugu”.
Dokusarea
Argia astekariak eta Eguzki Bideoak kolektiboak euskarazko dokumentalen emanaldietarako antolatu duten sarea da Dokusarea. Bertan parte hartzeko erabakia hartu du Prest!-ek. “Asmoa da dokumental kritikoez baliatuz euskal kulturari bide ematea, eztabaida esparruak bultzatuz, libreak diren materialak zabalduz, eta ikusleentzat doakoak diren jarduerak sortuz”, esan dute taldeko kideek.