Oihana Etxebarrieta: Gazte bat gehiago ez
Normalean zutabetxo hau irakurri izan duzuenok, jakingo duzue feminismoarekin zerikusia duten gaiak lantzen ditudala hemen. Ezberdintasunak, egunerokotasunean ikus daitezkeen gauzak…
Baina gaur, zutabe hau idazten jarri naizenean burutik kendu ezin dudan albiste bat irakurri dut egunkarietan: Donostiako gazte auzipetuetako zortzi zigortu ditu Auzitegi Gorenak. Eta barkatuko didazue, baina ezin dut beste ezertaz hitz egin. Daukadan egonezina hemen husten arituko naiz hurrengo karaktereetan.
Garai berriek ez lukete horrelako albisterik publikatzen utzi beharko. Ez genuke lehenik Oreretako eta orain Donostiako gazte hauen albisteen berri izan beharko. Ez zentsuragatik, gertatu behar ez lukeelako baizik. Agian ohituak gara horrelakoak entzutera, baina momentu batez gure zurrunbiloa gelditu eta hausnartzen jarriko bagina, egonezin handi batek hartu beharko liguke gorputza.
Ezin dugu etxean geratu, haien alboan izan behar dugu. Agian ez ditugu Imanol Vicente, Nahikari Otaegi, Ekaitz Ezkerra, Aitor Olaizola, Adur Fernandez, Oier Lorente, Mikel Arretxe eta Egoi Alberdi ezagutzen, baina zu, ni edo ondokoa izan ahal ziren. Aitor Franco, Arkaitz Anza, Maitane Linazasoro, Xabier Lujanbio eta Aitor Alberdi dira.
Gazte hauek, ez lukete haien bizitza horrela baldintzatua ikusi beharko lan politikoa egin izanagatik. Segiko kide izateagatik sei urteko espetxe zigorra ezarri diete. Aurretik batzuk pasa behar izan zituzten prebentziozko espetxe urte batzuk. Aurretik, inkomunikazio eta torturak ere pasatu behar izan zituzten.
Eta hau esaten, ez nabil zuek konbentzitu nahian, jada konbentzituak egongo zarete nahikoa dela kartzelak betetzen jarraitzeaz. Egoeraren berri eman nahi dizuet, gertatzen ari den, eta tamalez gertatzen jarraituko den zirkulu maltzur batean sartuak baikara. Zortzi gazte hauek zigortu egin dituzte. Beste ehunka daude epaiketen zain. Beste ehunka daude kartzeletan.
Argi dut ezin dugula Auzitegi Nazionalaren eta Gorenaren aldaketa baten zain egon. Argi dut ere PPren gobernuaren zain ezin dugula geratu, erabat geldirik eta petrifikaturik jarraitzen baitute. Orain, beti bezala, pilota gure teilatuan dago. Manifestazioak, agerraldiak, milaka mobilizazio… Agian gogaituta egon gaitezke molde hauekin, baina gure frustrazio horiek beste alde batera bideratu beharko genituzke, auzitegien eta politikarien aldera. Kalean
egoteko, desobedientzia praktikatzeko, eta gazteen alboan egoteko garaia da. Gazte bat gehiago ez!