Oarsoaldeko batelei itzalik egiten dienik ez dago
Zazpitik bost. Gipuzkoako Batel Txapelketa jokatu dute asteburuan San Pedron, eta bertan lehian zeuden zazpi kategorietatik bostetan Oarsoaldeko batelek irabazi dute: nesken Haur-Kadete Mailan Hibaikak; mutilen Haur Mailan San Pedrok; nesken Gazte Mailan Hibaikak; nesken seniorretan San Juanek, eta mutilen seniorretan ere arrosak nagusi. Txapelketak emandako emaitzak oso onak izan dira, baina gogoeta sakonagoa merezi du horrek: Oarsoaldeko arraun taldeak egiten ari diren harrobi lana goraipatzekoa da, eta traineruetaraino iristeko bidea oso luzea bada ere, arraunaren munduan erreferente izatea lortu dute, are gehiago asteburu honetatik aurrera.