Aizpurdi karrikatik Beheko auzora arribatu nintzen martxoan. Beheko auzoa deiturik, inork gutxik daki non nabilen. Euskaldunok ere Bas-quartier deitu ohi dugu eta. Auzo zahar honetan, Arrizabaleta omen zeritzan alderdi honetan, erdarak dira nagusi, frantsesa zein gaztelania. Alta, auzoak baditu ukan bere-berezko ezaugarriak.
Pellot biribilean gaude. Biribila edo biribilgune erranik ere, hitza arraro samarra zaigu. Euskaldunok, Hendaian ere, errotonda esaten baitiogu rond-point delakoari. Pellot biribila, Pellot karrika erdian dago, non bestela? Izan ere, hiri bideetako errotondak ez ote dira bada gure munduaren epizentroa? Metropolietako ibiltari motordunak bilakatu gara, errotondatik errotondara mugitzen garen automatak.
Hendaiaren eta munduaren epizentroan, iraganaren lekuko eta baserritarren gorazarre. Hendaiarrok ere karrika eta baserria bertatik bertara ditugu
Berezitasunak berezitasun, Pellot biribilean amaitzen den karriketako bat Rue des fermés deritzo. Euskaraz: Baserrietako karrika. Kontraesanak ezagutzen ditut, eta horixe ere mundiala! Xabier Amurizaren Kalera noa ihesi kantua gogoratzen zait! Iraganaren eta orainaren arteko uztartze bitxia Baserrietako karrika delakoa. Marijo Okindegia duzu alderdi horretan, eta horren parean baratze bat, polit antzean landua; Hendaiaren eta munduaren epizentroan, iraganaren lekuko eta baserritarren gorazarre. Hendaiarrok ere karrika eta baserria bertatik bertara ditugu!
Txingudi badiara doan Pellot karrikan aitzina egin eta Belzenia pilotalekua dugu. Belzenia izenak adierazten duenez, alderdia beltzen etxea izan zen behiala. Kanpotar edo arrotzentzat egokitutako txokoa. Belzenia inguruan itsas portua zegokeen behiala. Herri muinoaren bestaldean beste portu bat ere bazegoen. Portu karrika horren lekuko. Portuak portu, karrikak karrika, baserriak baserri, horra pasadizo bat:
1990eko urteetan, Euskal Herriko Bertsolarien Txapelketaren lehenbiziko kanporaketarik bat Hendaian izan zen; Belzenian. Bi auto heldu dira Pellot errotondara, bi autoetan datozenak bertsozaleak izaki. Lehena goitik dator, De Gaulle etorbidetik. Bigarrena berriz, Pellot karrikatik. Azken honen autoaren matrikulak 64 zenbakia du bereizgarri. Besteak: SS. Gazteak datoz honetan, ziztu bizian. Leihoak irekita dakartzate, burrunba izugarria entzuten da inguruan. Pellot karrikatik datorrenak du lehentasuna, alabaina (garai hartan errotondak eraikitzen hasiak ziren Hegoaldean) aurrenak bigarrenari aurrea hartu dio lotsagabeki. SS autoko gidari gaztea oihuka oldartu zaio 64 autoko gidariari: «Hi gabacho, noa ua? Ez al dek oaindik xeda-el-paso iten ikasi ala?!».