Liburuaren Eguna San Markon egingo dute
Hilaren 23ko Liburuaren Eguna bi egun lehenago ospatuko dute Errenteria-Oreretan. Hain zuzen, San Marko Gotorlekuan egingo diote txokoa aurten liburuen jaiari. Lehengo urtean Merkatuzarren egin zuten ekimen hori, eta aurten San Markora eramango dute. Artista liburuak egiteko gai nagusi bat jarriko dute: Errenteria eta etorkizunari buruzko gogoetak. Horretan oinarrituta, eta zenbait diziplina erabilita, osatuko dituzte liburuak.
Ekimena Errenteriako Udalak eta Txokolarte Grafika esperimentaleko taldeak sustatu dute, eta haurrei zuzenduta daude. Hala, ikastetxeei “lankidetza” eskatu diete, euren ikasgaietan gero artista liburuan jarriko diren testu zein irudiak lantzeko.
Pausoz pauso joango dira artista liburuak osatzen. Testua lantzetik hasiko dira, eta gero, ilustratu, estanpatu eta koadernatu egin beharko dute. Testua irekia da, eta horrenbestez, bertsolaritza, prosa, poesia, grabatua, seriazioa… nahi daitekeena erabil daiteke.
Partaideak adinez adin banatuko dituzte: 3-8 urtekoak, 8-12 urtekoak eta 12 urtetik aurrerakoak.
Txokolartek azaldu duenez, artista liburua artelan bat da, eta lengoaia eta komunikazio sistema ezberdinen bidez aukera konbinazio anitzen emaitza da. Historian zehar hainbat artista liburu izan dira: Babiloniako Taulak, Egiptoko papiroak…