Joxe Juan Ugalde: Nire lagun ezkutua
Egun batzuek sorpresa onak emateko sortuak dirudite. Lagun ezkutu eta ezezaguna aurrean ikusterainokoak izan litezke ustekabe edo ezusteko gozoak. Hendaiako kirol portuan gertatu zitzaidan orain dela egun batzuk, paseoan nenbilela.
«Halako zara». «Bai halako naiz. Eta zu… nor zara zu?» «Ni halako». «Hara, hau bai sorpresa! Nolatan ezagutu nauzu?» «Argazki batetik». «Bai zera!».
Berehala oroitzapen eta sentipen sare batek estali ninduen. Bera zen, etxez etxe ezkutaturik emandako hilabete eta urte luzeetan, bere arrebaren bidez, isolamenduan egindako bertsoak zuzentzeko bidaltzen zizkidana. Ezkutura kondenatutako gizon hark etxe ezezagunetako gela ezezagunetan ematen zituen eguneko segundo, minutu eta ordu luzeak, denbora gelditzerainoko atmosfera itogarrian. Han isurtzen zituen paper zurira bakardadean erditutako bertso errimadun eta errima gabeak, ortografiaren galbahetik pasatu gabeak.
Zulo ezezagun haietan bizi zen gizon ezezagun harekin konektaturik bizi nintzen. Ez nekien nor zen. Nire AEK-ko lankidearen anaia, hori bai. Ez nekien fisikoki nolakoa zen, beti burumakur, zurbil eta abailduta irudikatzen banuen ere. Ez nekien zer egin zuen, egin, zerbait egina izango baitzuen, gisa hartan bizitzeko, orain familia batekin, denboraldi batera beste batekin… klandestinitatearen molde gordinenean.
Lankideak, bere arrebak, hamabostean edo hilean behin ekartzen zizkidan anaia iheslari, ezkutatu eta bakartuak egindako bertsoak, nolabaiteko orraztua eman niezaien. «Nola atera ote dituzte eta nondik ote datoz oraingoan?», pentsatzen nuen aldi oro; eta… maitekiro zuzentzen nituen AEK-ko irakasle hasi berri baten ilusio, berotasun eta maitasunez.
Bertso haietan existentzia islatzen zuen idazle alfabetatu gabeak, ekintzaile indargabetuak. Bertso haietan denaren eta deusaren arteko marran orekak egitera behartzen ninduen lagun ezkutuak. Asko pentsatu nuen. Lerro haiei maitasuna eta amorrua zerien, aldi berean. Asko ikasi nuen oker nahiz zuzen idatzitako esaldi haietatik. Ariketa intelektual ikaragarria egin behar izaten nuen ikasi gabeko filosofo handiaren entrega jasotzen nuen bakoitzean.
Urte haietan bihotz betez murgilduta nenbilen AEKn. Zorabiozko garaiak ziren. Maila guztietan. Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundea bera olatu handiko itsaso bizia zen 1980ko hamarkadan. Hiru hizkiko sigla haien altzoan eman genituen gaztaroko urte euforikoenak. Dena zen euskara. Dena zen euskara. Dena zen euskara. Eta Korrika. Eta Korrika. Eta Korrika. Euskara Euskal Herria korrika jartzeko tresna zela ulertzen genuen; Korrika, berriz, Euskal Herria euskararen bidean jartzeko akuilua. Mugimendu hark euskaltegietako ikasgelak ikaslez eta kaleak lasterkariz betetzea lortu zuen, orain alde agertzen diren asko eta asko kontrario amorratu izanagatik.
Korrikaren hamezortzigarren edizioa joan da. Azkar joan ere. Gure eskualdeko kaleak ziztu bizian pasatu ditu Eman euskara elkarri mezua utzi duen lasterketak. Lezoko Kale Nagusian, arnas behartuta nindoala, ondoan zihoazen herritar euskal hiztun batzuk gaztelaniaz sumatu nituen. Korrikan eta gaztelaniaz. Euskaldunak Korrikan gaztelaniaz. Lezoar ezagun batzuk euskararen aldeko lasterketan gaztelaniaz. Aitortu beharra dut: jendetzaren arrakasta ikusi arren, minduta joan nintzen etxera.
Pertsona obsesibook horixe dugu, bueltaka eta bueltaka ibiltzen dugula ideia bat, ia erotu arte. Eta… irabiatze horretan murgilduta nenbilela, horra non topatuko Hendaiako kirol portu parean garai bateko lagun ezkutua. Bera aske bizi da egun. Euskara zuzen eta jasoz idazten ditu artikuluak hainbat blogetan. «Euskal Herria ez dut ulertzen euskararik gabe», dio hausnarketa batean. «Bizitzan euskalduna izatea egokitu bazaizu, ohorea maite eta zaindu ezazu», dio beste batean.
Ezinbestean lotu behar zaie hausnarketa horiei Amets Arzalluzek aurtengo Korrikako mezuan zioena: «Herri hau ere euskaraz pentsatuko dugu, edo ez da izanen. Hautatzen diogun ama hizkuntzaren arabera dago gure herriaren geroa. Erdaraz mintzaraziko gaituztela? Badakigu hori. Herri honek pentsatu beharko du zerbait erdarari buruz, baina herri hau ezin da pentsatu erdaraz». Horixe Korrika 18ko mezu eta lagun ezkutua.