Hamabost garaipen lortu zituen Hondarribia Arraun Elkarteak (HAE) larunbatean Orion egin zen Gipuzkoako Aulki Mugikorreko Ligako zazpigarren jardunaldian. Adin guztietan irabazi zuten hondarribiarrek eta, horrenbestez, sailkapen nagusietako lidergoak sendotu dituzte. Zortzikoetan pilatutako puntuei esker, ligako lau mailetan txapeldun izateko aukera asko dituzte berdeek. Irungo Santiagotarrak Kirol Elkartea bigarren geratu zen haurretan eta kadeteetan, eta hirugarren gazteetan eta Helduen Mailan. Guztira, zazpi garaipen partzial eskuratu zituzten irundarrek larunbatean.
Emaitzarik onenak mutiletan lortu zituzten hondarribiarrek. Nabarmentzekoa da ligarako puntu gehien ematen duten modalitateetan, zortzikoetan, berdeek ez zutela aurkaririk izan, eta lau mailetan irabazi zutela: haurretan, kadeteetan, gazteetan eta nagusietan. Gainera, haurren
skiff-ean eta biko
scull-ean, kadeteen skiffean, lauko scullean, eta lemazainik gabeko bikoan eta laukoan, eta gazteen biko scullean, horietan guztietan nagusi izan ziren HAEko mutilak.
Nesketan, aldiz, lau aldiz iritsi ziren hondarribiarrak helmugara lehen postuan: kadeteen laukoarekin, gazteen sikiffarekin eta helduen laukoarekin eta zortzikoarekin —Helduen Maila soilik lehiatzen da nesken zortzikoa eta hondarribiarrak baino ez dute parte hartzen—.
Santiagotarrak azpiko mailetan hobeto
Irungo Santiagotarrak izan zen bigarren talde onena Orion, zortzi garaipenekin. Horietatik sei nesketan izan ziren: biko scullean lau mailetan irabazi zuten —helduetan irundarrak lehiatu ziren bakarrik—, eta, horiez gain, haurren mailako skiffean eta kadeteen laukoan nagusi izan zen Irungo taldea. Mutiletan, Santiagotarraken haurren lauko scull ontzia eta kadeteen bikoa izan ziren onenak.
Irundarrek bigarren postua lortu zuten Orion haurren eta kadeteen mailetan, eta hirugarrena beste bietan, gazteetan eta nagusietan. Sailkapen orokorrean ere hala dabiltza, bigarren postuan beheko bi mailetan eta beste bietan hirugarren.
Lau falta dira
Liga amaitzeko lau jardunaldi falta dira. Ligako lehen hiru jardunaldiak neguko jaitsierak dira, Bidasoan egiten direnak. Gainontzekoak Orion egiten dira, linean. Hilaren 27an egingo dute zortzigarren proba, hurrengoa maiatzaren 5ean eta azken biak maiatzaren 25ean eta ekainaren 2an.
Sailkapen orokorra
Haurren Maila
- Hondarribia. 1347 puntu.
- Santiagotarrak. 1247 puntu.
- Orio. 942 puntu.
Kadeteen Maila
- Hondarribia. 3093 puntu.
- Santiagotarrak. 1917 puntu.
- Orio. 682 puntu.
Gazteen Maila
- Hondarribia. 1871 puntu.
- Ur Kirolak. 823 puntu.
- Santiagotarrak. 576 puntu.
Helduen Maila
- Hondarribia. 967 puntu.
- Orio. 682 puntu.
- Santiagotarrak. 573 puntu.