
Atez ateko bilketa ezartzen duen Gipuzkoako bederatzigarren udalerria bihurtuko da Lezo hilaren 29an. Gaur ezagutarazi dute data Ainhoa Zabalo alkateak eta Lorea Intxaurrandieta zinegotziak, udal areto nagusian egin duten agerraldian. Atez ateko bilketarekin hasiko diren iragarpena “harro” egin du Zabalok, “%28 eskas birziklatzetik %80 birziklatzera iritsiko garelako ardura eta iraunkortasun irizpideak lehenetsita”.
Materia organikoaren bilketarekin estreinatuko dute atez atekoa Lezon. Horrenharira lehenengo bilketa egunaren kasuan lezoarrek edukiontzi marroia atera beharko dutela bilketa puntuetara nabarmendu du du Zabalok: “Hilaren 28ko 20:00etatik hilaren 29ko 07:00ak arte utzi ahalko dira edukiontziak bilketa puntuetan”.
Aurretik eta aste honetan bertan hasita, hondakinak biltzeko herritarrek beharrezkoak izango dituzten kuboak eta poltsak banatuko dituztela zehaztu du Intxaurrandietak. Auzokako egutegia proposatu dute hilaren 18tik 23ra bitartean 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara herriko frontoian: “Herritarrek edukiontziak, errafiazko poltsak, boltsa biodegradagarriak, astekaria eta ordutegiak jasotzen dituen imana, eta hondakinak ongi bereizteko gida eskuratuko dituzte bertan”. Egutegia ahal den neurrian errespetatzeko eskatu badute ere, egokitutako egunean ezin duten bizilagunek beste egunetan beharrezko bitartekoak jasotzerik izango dutela zehaztu du Intxaurrandietak. Banaketara gerturatu ezin dutenentzat berriz, telefono zenbaki bat jarri du udalak, 943 52 15 38. Bertara deituta materialak jasotzeko modua zehaztu ahalko dute.
“Ederki baino ederkiago egingo dugun zalantzarik ez dut” esan du Zabalok eta Lezo “iraunkorragoa” izatea lortuko dutela sisnistuta dagoela gaineratu du: “Badakigu hondakinen bilketa sistemak aldaketa txiki batzuk ekarriko dizkigula egunerokotasunean. Baina ez dugu zalantzarik, pixkanaka-pixkanaka birziklatze praktika onak eta ohiturak barneratuta, epe motzean harro erakutsi ahal izango ditugu birziklatze datu eredugarriak”.
Bitartekoak jasotzeko auzokako egutegia
- Hilak 18 osteguna: Kaxkoa Ijurko
- Hilak 19, ostirala: Landa eremua
- Hilak 20, larunbata: San Pedro – Lopene
- Hilak 21, igandea: Kaxkoa – Alde Zaharra
- Hilak 22, astelehena: Altamira
- Hilak 23, asteartea: Jauregialde