Euskaldunen arrastoa Habanan jasotzen duten bi dokumental, bihar eta etzi, Banakon
admin
Bidasoa
Belascoain kalean pilotalekua egin zuten
Angel Gonzalez Katarainek eta Amaia Apaolazak filmatutako Siete calles de la Habana dokumental sortako bi kapitulu proiektatuko dituzte aste honetan Banako tabernan. Kubako hiriburuko izendegian arrastoa utzitako euskaldunen gaineko dokumentalak zuzendu ditu Katarainek, Apaolazaren laguntzarekin. Zazpi izango dira guztira, baina bi baino ez dituzte bukatu, Banakon eskainiko direnak. Bihar (asteartea) Belascoain, la calle de los pelotaris emango dute eta etzi (asteazkena), Zulueta, azúcar moreno. Emanaldiak 20:00etan hasiko dira eta sarreraren prezioa 3 euroan jarri dute.
Euskal jatorriko abizenen istorioen bila joan ziren Katarain eta Apaolaza Kubara, baina hori baino askoz gehiago filmatu dute: “Kale bat izendatzea ez da ekintza tolesgabea, botere harreman, zertzelada eta ekintzen bidez jositako sare konplexu baten emaitza baizik”, azaltzen dute egileek. Habanan 28 kale daude euskal abizenekin, baina zazpi aukeratu dituzte, aztarna sakonak utzitakoak: Belascoain, Zulueta, Espada, Ayestaran, Aranguren, Goicuria eta Loinaz —grafia horrekin izendatuta daude kaleak—.
Kapitulu bakoitzak kale baten historia kontatzen du, euskal izena jaso artean zein beste izen eduki dituzten zehaztuz. Eta izena eman dion euskaldunaren edo euskaldunei buruz ere mintzo dira. Denetarik dago, militarrak, iraultzaileak, gotzainak, Kubara lanera joandakoak eta herriak maite zituenak, zein kubatarrak edo esklaboak zapalduz Karibe itsasoan aberastu zirenak. Izan ere, bi motako arrastoak utzi zituzten gure arbasoek Kuban eta horiek jaso ditu Katarainek, modu hunkigarrian batzuk, eta gordinean beste batzuk.
Bihar pelotariak eta etzi esklaboak
Bihar, hilaren 16an, Belascoain, la calle de los pelotaris dokumentala proiektatuko dute, 20:00etan. Belascoain kalea aztergai du ikus-entzunezkoak, pilotariek asko maite zutena, eta horrek aitzakia ematen dio Kataraini euskal pilotari buruz hitzegiteko, baina jokoaz baino gehiago jokalarien ohiturez, La Habanan zer eta non egiten zuten deskribatuz. Dokumentalak 1900 eta 1960an Kubara jokatzera joan ziren euskal pilotariei egindako omenaldia da.
Eta asteazkenean Zulueta, azúcar moreno kapituloa emango dute, Zulueta kaleari buruz grabatutakoa. Aspaldi aldatu zioten izena —Agramonte da orain—, baina Zulueta esaten diote oraindik herritarrek. Araban ezagunak ziren zuluetarrak, XIX. Mendean esklaboen salerosketarekin aberastu zirenak. 1815etik 1865era milioi erdi esklabo iritsi ziren Kubara eta horietako asko Julian Zulueta arabarraren ekimenez. Alava izeneko landan 600 esklabok lan egiten zuten berarentzat, azukrean. Eta ez zen hori Zuluetak irlan zuen Ingenio bakarra; besteak beste, Vizcaya eta Habana izenekoak zituen. Pertsonekin komertziatzeaz gain, politikan goi karguetan ere jardun zuen, Kuban zein Euskal Herrian. Zulueta, azúcar moreno ere bitan emango dute aste honetan, asteazkenean eta ostiralean. Bi emanaldiak 20:00etan hasiko dira eta sarrerak 3 euro balioko du.
Emango dituzten dokumentalak iraupen luzekoak dira. Hona hemen biharko kapituluaren laburpen bat:
Azken berriak
Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.
Hasi saioa HITZAkide gisa
Saioa hasten baduzu, HITZAkide izatearen abantailak baliatu ahal izango dituzu.
HITZAkide naiz, baina oraindik ez dut kontua sortu SORTU KONTUA
Zure kontua ongi sortu da.
Hemendik aurrera, zure helbide elektronikoarekin eta pasahitzarekin konektatu ahal zara, HITZAkide izatearen abantaila guztiak baliatzeko.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.