Donibaneko gune historikoan zintzilikariorik jar daitekeen galdetu du EAJk
Nahikari Otermin EAJren udal taldearen bozeramaileak Donibaneko atez atekoaren gaineko hainbat argibide jasotzeko eskaera aurkeztu du udal erregistroan, batez ere barruti horretako gune historikoan zintzilikarioak jartzeko dauden aukeren gainekoak. Horretarako, batzorde bat antola dadila eskatu du Oterminek, “Bilduren gobernuak atez atekoaren inguruan hartu dituen erabakien berri eman dezan”.
Argibide eskaera horren barruan honakoak daude: EAJk jakin nahi du gure historikoetan zintzilikarioak jartzerik ote den, eta ea udalak biztanleak eta etxejabeak euren fatxada eta atari barruan atez ateko edozein sistema ezartzera behar ditzakeen, “gobernuak argi eta garbi esan behar die biztanleei nork eman behar duen baimena”. Zintzilikario horiek ezin badira jarri, zein alternatiba erabiliko den ere jakin nahi du EAJk: “Bilduk antolatutako hitzaldietan galdera hau egin zuten herritarrek, baina ez zuten erantzunik eman”. Atez atekoaren kostuari buruzko galdera ere egin du Oterminek.
EAJren ustez, udal gobernuak “beste behin bizkarra” eman dio oposizioari, “erabaki guztien berri prentsaren bitartez jakin baitugu”. Hala, “beti datu eskean” daudela nabarmendu dute jeltzaleek. “euren kabuz ez digute inongo daturik ematen. Hau al da aldarrikatzen duten gardentasuna?”.