Bidasoa-Irunek play-offa jokatuko du, beste partida haundi bat egin eta gero
Bidasoa-Irun eskubaloi taldeak Asobal ligara igotzeko kanporaketa jokatuko du, asteburuan Teucroren etxean irabazi eta gero (27-28). Ia partida osoan galtzen joan ziren bidasotarrak baina azken bost minutuetan markagailuan aurrea hartu zuten eta, lortutako aldea oso txikia izan bazen ere, eusten jakin zioten. Bigarren itzuli bikaina egiten ari da Bidasoa taldea eta azken bi jardunaldietan biribildu du, aurkari zuzenen etxeetan irabazita, Puente Genilen eta Pontevedran.
Maila gorenera talde bakarra igotzen da eta hori bigarren tokian den Juanfersa Xixon izango da, bost puntuko tartea irekita duelako hirugarren postuan den Puente Genilekin —Bartzelona liderra ezin da igo, klubak beste talde bat duelako Asobalen—.
Kordobarrez gain, Alcobendas, Bidasoa-Irun eta beste laugarren batek jokatuko dute play-offa, mailaz igoko den bigarren taldea zein den zehazteko. Play-offerako geratzen den laugarren postua hiru talderen artean erabakiko da: Teucro (22 puntu ditu), Torrelavega (20) eta Adelma Sinfin (19).
Faborito argirik ez
Bidasoa-Irunek zalantzekin hasi zuen denboraldia eta kostata lortu zuen sasoia. Lehen itzuliaren amaieran zortzigarren postuan zeuden, jaitsiera postuetatik urruti, baina aurrekoetatik ere. Baina bigarren itzulian sekulakoa egiten ari dira, bederatzi partidetatik zazpi irabazi baitituzte. Sailkapenean bosgarren tokian daude bidasotarrak, laugarrenarekin berdinduta, eta play-offetan aurkari izango dituzten taldeen kontra garaile irtenda.
Horrenbestez, irundarren asmoa “play-offetan sartzea, denboraldia luzatzeko” bazen, dagoeneko sailkatu diren hiru taldeen artean gauzak oso parekatuta daude eta edozeinek lor dezake Asobal ligara igotzea. Datorren asteburuan Alcobendasen kontra jokatuko dute irundarrek etxean, play offean aurkari izan dezaketen taldeetako baten kontra. Lehen itzulian madrildarrak hiru golez nagusitu ziren.