Egun polita izan dute Artzukoek
Hemezortzi urte bete ditu Gregorio Berrotaran zenaren ekimenez Jaizkibelen egiten den Zuhaitz Egunak. Ekimenarekin, herrian jaiotako ume bakoitzak zuhaitz bat aldatzeko aukera izaten du eta, horrekin batera, mendiari garai bateko itxura berreskuratzen laguntzen zaio. Zuhaitz Eguna ospatzen hasi zenetik hiru mila zuhaitz gehiago daude Jaizkibelen eta, garrantzitsuena dena, zuhitz bakoitzak badu zeinek zainduko duen. Gaurtik, gainera, denen artean zaindu beharreko ale bat dago Jaizkibelen, Berrotaranen izena daramana, Landa Garapenerako zinegotzi eta Zuhaitz Egunaren sortzaile izandakoari udalak eskainitako omenaldian jarri dutena.
Berezia, oso berezia izan da gaurko Zuhaitz Eguna. Berezia iaz jaiotako haurren guraso eta senideentzat, haien zuhaitza landatu dutelako Portomokoko lurretan, eta berezia ere 2013an zazpi urte bete edo beteko dituzten neska mutilentzat, makila jaso dutelako bertan.
Berrotaranen ideia izan zen hori ere, eta Artzukoak berak prestatzen zituen urtero Zuhaitz Egunarekin batera banatuko ziren makilak. Aurten, senarrak eta aitak hasitako lanarekin jarraitu dute Gregorio Berrotaranen alargunak eta alabak. Beraiek prestatu dituzte oroigarriak, eta banatu ere beraiek banatu dituzte jaioberrien zuhaitzak aldatu eta gero.