Animalien aldeko azoka egiten ari dira Perroland eta Bubastis Irungo Txanaleta plazan
Perroland, animalien eskubideak zabaltzeko asmoa duen elkartea, bigarren eskuko azoka egiten ari da Irungo Txanaleta plazatxoan, Kunsthal diseinu eskolaren aurrean. Merkatua 10:00etatik 18:00etara dago zabalik eta denetarik egongo dela esan dute: arropa, osagarriak, imitaziozko bitxiak… Bigarren eskukoez gain, produktu berriak izango dira azokan, hemendik gutxira itxiko duen Donostiako saltoki batekoak.
Perrolandetik jakinarazi dutenez, gaur Irunen lortutako dirua animalien eskubideak zabaltzeko egingo diren sentsibilizazio kanpainetara bideratuko da. Perrolandekin batera, Bubastis ari da azoka antolatzen. Kaleko katuei laguntza ematen dien elkartea da Bubastis, besteak beste, animalietan antzematen dituzten gaixotasunak sendatzeko.