Old-time estiloko bi bandetan eta mariatxi talde batean jotzen du Artolak (ezkerrean)
Hamabost urte eman ditu Dublinen Nora Artolak (Hondarribia, 1973). Aurretik ingelesa ikasten ibili zenean gustura sentitu zen, eta horretarako aukera ikusi zuenean, herria utzi eta hara joan zen bizitzera. Dublindarrak atseginak direla uste du, “eta graziosoak”; asko maite ditu haien tabernak, Guiness garagardoa eta kultur giroa. Hondarribian, eta etxean, musikari bilakatu zen, eta ikasitakoa osatu eta lanbide bihurtu du Irlandako hiriburuan.
1997tik bizi da Dublinen, eta hangoa du mutil-laguna ere. “Etxetik ateratzeko beharra nuen, eta Dublingo bizimoduak erakartzen ninduen”, adierazi du. Lehenago, birritan egona zen Irlandako hiriburuan, eta bazekien ondo moldatuko zela: “Etxean bezala sentitu nintzen iritsi bezain pronto”. Hiriburuko jendea lasaia eta oso irekia dela dio, “hiztunak ere bai, eta komunikatzeko elkarri adarra jotzen diote asko”. Eguraldiaz askotan hitz egiten omen dute.
Asmo jakinik gabe joan zen bertara, baina, noski, aurrera egiteko lanean hasi zen. Bere lehenengo lana Dublinen, unibertsitatean izan zuen: “UCD unibertsitatean lanean aritu nintzen urte batzuetan. Mexikora bidaiatu nahi nuen, eta dirua aurreratzeko aritu nintzen unibertsitatean lanean”. Mexikotik bueltan oso bestelako lanpostua lortu zuen; bitxi saltzaile jardun zuen hondarribiarrak. “Antzinako bitxi denda batean hasi nintzen, eta urte batzuk eman nituen horretan”, kontatu du. Lanbide berriaren aitzakiarekin, bigarren eskuko azoketara joaten hasi zen: “
Antique fair azoketan ibilia naiz, bitxi zaharrak saltzen”.
Horrelako azoketara joateko ohitura dute dublindarrek: “Ez dira garai bateko objektuen merkatu asko antolatzen urtean, baina daudenean jende asko joaten da. Eta beste merkatuetara ere bai, batez ere, Dublin Flea Market izenekora. Askotan joan naiz bertara, eta oso giro ona egoten da”.
Kulturari lotutako bidea
Euskal Herritik Irlandara joan aurretik kultur zaletasuna bazuen Artolak, besteak beste, etxean hartutakoa. Izan ere, Fernando Artola
Bordari idazlearen biloba da, Txomin Artolaren alaba. Aita eta Urbil anaia bezala, musikaria da hura ere, baina beste kultura adierazpen batzuk ere landu ditu Dublinen, eta gustura jardun du horretan: “Margolari bezala ere,
specialist painting muralak eta horrelakoak egin genituen. Arte ikastaro bat egin nuen hemen, eta mundu hortan ibili nintzen, bai margotzen eta bai argazkiak ateratzen. Horretara itzuliko naizelakoan nago beti”.
Bitartean, musikari gisa dabil orain, jotzen eta irakasten: “Ukelelea irakasten nabil, eta Ukelele Hooley jaialdiaren antolakuntzan aritzen naiz”.
Old-timemusika egiten duten bi taldetan jotzen du, baita horrekin zerikusirik ez duen beste musikari banda batean ere: Mariachi San Patricio taldean. Mariatxiak direla eta, U2 taldeko Bono ezagutzeko aukera izan zuela kontatu du: “Bonori mariatxiak asko gustatzen omen zaizkio, eta bere etxera joateko deitu ziguten, berarentzat jotzeko. Ostiral baterako deitu ziguten. Bi tronpetariek ezin zutelako ez genuen jo Bonoren etxean. Ezetz esan behar izan genion”. Dubliner & Chieftains taldeko Paddy Malonerekin jo izan dute, ordea.
Festazale amorratuen ospea dute hemen irlandarrek, eta baietz, “parranda zaleak” badirela baieztatu du hondarribiarrak. Beraz, haien estereotipoak betetzen direla onartu du, batzuk bai behintzat. “Garagardo asko edaten da, baina musika tradizionala ez zaio hainbeste jenderi gustatzen”. Ordea, bestelako musika, arte eta kultur ekitaldien zale dira. “Gauero daude hemen ekitaldiak. Gauza asko dago doan ikusteko, eta museo ia guztiak ere doan dira”, gaineratu du.
Erlijio kontuei dagokienez, Artolak kontatu du irlandarrak ez direla jendeak pentsatzen duen bezain katoliko sutsuak, baina zenbait arlotan oso tradizionalak omen dira: “Ez dut uste irlandarrak oso erlijiosoak direnik, baina, tamalez, gauza batzuetan oraindik nabari da erlijioak garai batean izan zuen indarra. Duela gutxi, esaterako, abortuaren inguruan tirabira handiak izan ditugu”.