Erriberan eskuineko bidetik joango da bidegorria
Hondarribiko bidegorri sarea osatzeko bidean, kilometro erdi inguru luzatuko dute datozen lau hilabeteetan. Lanak amaituta, zazpi kilometro pasatxo izango ditu sareak. 400.000 euro inbertituko dituzte lan horietan. “Udalean duela urte batzuetatik saiatzen ari gara bidegorri sarea osatzen, beti ere kontuan izanda zaila dela, izan ere gune askotan bidegorri bat egiteak suposatzen du alde batetik edo bestetik aparkalekuak kendu egin behar dira, ibilgailuen zirkulazioa ezin baita aldatu. Hala ere horretan ari gara lanean, eta aurrerantzean ere jarraituko dugu” adierazi du Aitor Kerejeta alkateak.
Duela bi aste Gabarrari kalea berriro hiritartzeko lanak hasi ziren eta, hori baliatuta eraikiko dituzte bidegorri zati berriak. Hori dela-eta, eta lanak azkartzearren, Aireportuko eta San Juan de Dios biribilguneen arteko errepide tartea itxiko dute trafikora. Udaletik esan dutenez, “egunero milaka ibilgailu pasatzen da tarte horretatik” eta trafikoak lanak oztopatzen ditu.
Alkateak azaldu du bi proiektuak, Gabarrari kalearena eta bidegorriena, desberdinak direla, baina lan batzuek bateratzea erabaki dutela: “Erabaki genuen bi proiektuak batera ateratzea, eraikitze lanak errazteko. Helburua zera da, ahal den neurrian Hondarribiko bidegorri sarea osatzen jarraitzea. Bost zatiak dagoenik bidegorriak dauden eremuetan daude, baina orain horien arteko loturak egingo ditugu”.
Bidegorri zati berriak
- Erriberako zatia, Zumardiaren parean.
- Harresilandako zatiaren eta Erriberan egingo den zatiaren arteko lotura, Damarri plazan.
- Erriberako zatiaren eta Kostako zatiaren arteko lotura
- Txiplauko zatiaren eta Kosta eta Erriberako zatien arteko lotura
- N-638 errepidearen zatia