'Emakumea eta errepublika' erakusketa jarriko dute etzi
Etziko Errepublika Egunez, Emakumea eta errepublika erakusketa jarriko du Oarsoaldeko Talde Errepublikanoak, 10:00etatik aurrera, Herriko Plazan. II. Errepublikan nabarmendu ziren emakume eta emakume taldeen 45 irudik osatzen dute erakusketa, eta hain zuzen, emakume horiek ezagutarazi eta oroitzea izango da horren asmoa.
Talde antolatzaileak adierazi duenez, II. Errepublika “emakumeen askapen eta aurrerapenen garaia” izan zen, “ez bakarrik emakumeek botoa ematea ahalbideratu zelako, baita protagonismoa eduki zutelako askotariko gaietan”. Horrez gain, Errepublikak beste erreformei bidea ireki ziela gogorarazi du: parekidetasuna, ezkontza zibila, dibortzioa, abortua…”.
Hain zuzen, Oarsoaldeko Talde Errepublikanoak herritar guztiak gonbidatu ditu etzirako antolatu dituen ekintzetan parte har dezaten. Ekitaldi nagusia, 12:30ean, Xabier Olaskoaga plazatik irtengo den manifestazioa izango da. Biteri kalea eta Zumardia zeharkatu ondoren, udaletxerako bidea hartuko du, eta han, bandera errepublikanoa eta ikurrina jarriko dituzte.
PSE-EEko gazteek, Donostian
Gaur ospatuko du PSE-EEko gazteek Errepublika Eguna, Donostian. Antzezlan bat emango dute, kleroaren gatazka irudikatuko duena. Horrez gain, 1931ko hauteskundeak eta Tomas Meabe bera gogoraraziko ditu. Garai hartako hainbat testu ere irakurriko dituzte, eta ondoren, eztabaidarako tartea irekiko dute. Ekitaldia bukatzeko, txokolatea txurroekin banatuko dute.