Bost zentzuak piztuta, Euskaldarrak elkartean
Jendearen zarata, sukaldean prestatzen den janariaren usaina, dastatzeko produktuen zaporea, lehiaketako plateren kolorea eta horiek ahora eramateko mahai tresna hotzak… Bost zentzuak piztuta eduki behar dira Euskaldarrak elkartearen gastronomia erakusketan. Aste guztian zehar ari dira Errenteria-Oreretako nahiz eskualdeko beste herrietako elkarteak eurek diseinatutako platerak prestatzen, eta atzo ostegunarekin, lehiaketaren ekuatorera iritsi ziren.
Behin atea gurutzatuta, jendez lepo ikus zitekeen elkartea. Egunero horrela egon dela zioten elkarteko ordezkariek, eta atzo ere, oilaskoa jan eta Ramon Bilbao ardoa dastatzeko aitzakiarekin hamarnaka herritarrek egin zuten elkartera joateko plana.
Sukaldean, platerei azken ukituak ematen ari ziren egun horretako partaideak: Pasaiako Lore Txorta eta La Armonia eta Errenteria-Oreretako Bukagaitz. Su gainean zituzten heltzeei koilararekin azken birak eman, platera eraiki, dotore jarri…
Aurrerago ere zerbait entzun zitekeen, eta jendea horrek ateratako zarataren atzetik zebilen. Oilasko frijituaren hotsa zen. Inprobisatutako sukalde batean prestatzen ari ziren Luma Gorrik emandako oilaskoa. Zatiak ondo koloreztatu ondoren platerera bota, eta betetako platerak segituan husten ziren.
Hori prestatzen ari zen sukaldaria gastronomia erakusketa aurrera ateratzea ahalbidetu duten alde guztietako ordezkariez inguratuta zegoen, eta tartean, Vicente Saez sukaldari izandakoa eta gastronomia erakusketako epaimahaikide finkoa zegoen. Gainontzeko kideak, egunez egun aldatzen joaten dira, eta ospe handiko sukaldariak izan dituzte eta besteak espero dituzte: Pedro Subijana, Luis Irizar, Hilario Arbelaitz, Martin Berasategi… Atzo beste izen handi bat espero zuten: Elena Arzak Arzak jatetxekoa.
Saezek astea “pixka bat pattal” hasi dela adierazi zuen, baina indarra hartzen ari dela. Batik bat partaideak arrainarekin egindako platerak prestatu dituztela jakinarazi zuen, eta horrekin batera, ahatea, azpizuna… Epaimahaiko kidearen arabera, platerak, oro har, tradizionalak izan arren, modu sofistikatuan apaintzen dituzte partaideek marrazki geometrikoak eginez, saltsa bereziak…
Probatzeko garaia
20:30ak pasatxo zirenean agertu ziren falta ziren epaimahaiko kideak: Elena Arzak, Javi Penas Zizurkilgo Olentzo jatetxeko sukaldaria eta Oroitz Garcia Redondo, Peio Garcia Amiano gastronomia kritikariaren semea. Mahaiaren bueltan eseri bezain laster hasi ziren platerak jasotzen. Lehena, Club Ranero bakailaoa, Antxoko Lore Txorta elkartekoa, Joaquin eta Jokin Agote aita-semeek prestatutakoa. Segidan, La Armonia barruti bereko elkartearen Txerri mamia, oporto eran melatutako aranarekin eta gari nahiz perretxiko risottoaz lagunduta platera dastatu zuten. Beste aita-seme batzuk prestatu zuten: Carlos Martin eta Unai Martinek. Azkeneko platera, Txerri mihi mozkortua izan zen, Gaztañoko Bukagaitz elkarteko Aitor Arruabarrena eta Jon Briten eskutik.
Hiru plater horiek dagoeneko prestatu dituzten eta datorren astean egingo dituzten beste 21ekin lehiatuko dira, eta hilaren 20ean egingo den ekitaldian emango dituzte irabazleen izenak. Lau sari izango dira jokoan: lehenengoa, Mikelazulo saria; bigarrena, Errenteriako Udala saria, hirugarrena, Rosarito fruta denda saria; eta laugarrena, Maria Antonia Zapirain zeramika saria. Era berean, beste bi sari banatuko dituzte, kalitate-prezio harreman onena duenarena eta elkartearen platerik berezienarena.