
Oiartzungo udaletxean panela jarri dute, datu eguneratuekin
2012ko abenduko datuetan oinarrituta, Oiartzunen %82,75 birziklatzen da atez ateko sistemari esker (aurretik %33 birziklatzen zen). Udalaren hitzetan, “pozik egoteko moduko” datua da, “izan ere, 2010eko maiatzean atez ateko bilketarekin gaika biltzen hasi ginenetik, birziklatze tasa erruz igotzeaz gain, birziklatzea tasa %80aren gainetik mantentzen dugu”.
Datuak onak badira ere, oraindik ere zer hobetua badagoela aitortu du udalak, errefusari dagokion alorra, esate baterako. Iazko irailean landa eremuko hainbat lurpeko edukiontzi kentzea erabaki zuen eta erabaki hori “zuzena” izan dela adierazi du: “Hilero batez beste hamalau tona errefus inguru biltzen zen lurpeko edukiontzi horietan eta abenduan, berriz, 2,3 tona baino ez ziren jaso mantendu diren lurpeko edukiontzietan”.
Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak errefusaren garbitasun maila jakin ahal izateko karakterizazioa egin zuen iazko urrian. Neurketa hori egiteko atez ate biltzen den Elizaldeko eremu bateko errefusa eta Ergoiengo eta Iturriozko aportazio gunetakoa ikertu zuten. “Emaitza argia izan da: atez ate biltzen den errefusa askoz garbiagoa da, hau da, hondakin birziklagarri gutxiago ditu. Hala ere, bildu den errefusaren %12a konpostagarria da oraindik”, nabarmendu du udalak. Hori informazio faltagatik izan daiteke, eta beraz, landa eremuan informazio gehiago eman behar dela aztertzen ari da udala: “Landa eremuan bizilagunek aportazio gunea erabiltzeko giltza dute. Beraz, anonimotasunak oraindik ere utzikeriara eramaten ditu oiartzuar asko”.
Errefusaren zati handi bat, fardelak
Biltzen den errefusen artean, zati handi bat fardelak direla azaldu du udalak. Dena den, horiek tratatzeko sistemak garatzen joan ahala, errefus kopuru hori murriztuko dela pentsatzen du.
Errefus kantitatea murriztuz, udalak onura ekonomikoak dituela adierazi du: “Zabortegira bidaltzen den errefusa tona bakoitzeko 130 euro ordaintzen ditu udalak. Hondakin organikoaren tratamenduagatik, ordea, 74 euro”.
Ontzi arinei dagokionez, horien kalitatea geroz eta hobea dela nabarmendu du. Ecoembres enpresaren azterketetan oinarritzen da hori esateko: “Oiartzunen biltzen den ontzi arinetan aurkitzen den inpropioen (ontzi arinak ez diren materialak) kopurua Espainiako estatuko bataz bestekoaren oso azpitik dago Hernanirekin batera”. %15 da estatu mailakoa, eta Oiartzungoa, aldiz,%7,4koa.
Autokonposta, 676 familiak
Udalak jakinarazi duenez, 676 familia oiartzuarrek egiten dute autokonposta eta horien jarrera “txalogarria” dela deritzo, zero zabor filosofiarekin bat egiten baitute. Hondakinak modu horretan kudeatzeko aukera eta nahia dutenek informazioa eta laguntza teknikoa eskura dute. Horretarako Atez ateko Informazio Bulegoa dago (Mendiburu kaleko 5. zenbakian edo 900 49 11 11 zenbakian). Autokonposta egiten duten herritarrek hondakinen tasan %20ko hobaria dute.
Bide horretatik, udalak oiartzuar guztiei eskerrak eta zorionak eman dizkie, “hondakinak egoki kudeatzeko egin duten hautuarengatik eta ongi egiten ari bagara ere, guztion artean oraindik hobeto egingo dugula ziur gara”.