'Emakumea bertsotan' jardunaldia egingo dute datorren astean
Errenteriako Berdintasun Kontseiluak emakumea eta bertsolaritza uztartzen dituen jardunaldi batzuk antolatu ditu datorren asterako: Emakumea bertsotan. Bi egunetan aztertuko dute emakumeak bertsolaritzaren arloan egiten duen lana.
Hala, lehenengo egunean, hilaren 16an (asteartea), Elixabete Perez Gazteluk Joxepa Antoni Aranberri bertsolariaren bizitza eta lana errepasatuko ditu. Hitzaldi hori 19:00etan hasiko da, udaletxeko areto nagusian.
Bigarrenean, berriz, hilaren 18an (osteguna), Ainhoa Agirreazaldegi bertsolariak Emakumeak eta bertsolaritza. Begirada feminista bat hitzaldia emango du. 19:00etan jarri dute ordua, Xenpelar Etxean.
Berdintasun Kontseiluak gogorarazi du betidanik izan direla emakumeak bertsogintzan, “nahiz eta duela gutxi arte ez diren atera plazara”. Zentzu horretan, hori ezagutarazi nahi du kontseiluak.