Astelehenean, Beloaga gazteluari buruzko erakusketa jarriko dute udaletxeko areto nagusian, bigarren aldiz:
Beloaga: gaztelu baten historia, herri baten historia. Oiartzungo Udalak “merezi duen balioa” eman nahi dio Beloagako gazteluari.
Lekua errekuperatzeko “ezinbestekoa” izan da oiartzuar talde batek egindako auzolana. Indusketak arkeologikoak, berriz, Aranzadi Zientzia Elkarteak egin ditu, Javi Bucesen eta Alfredo Morazaren zuzendaritzapean. Hiru garaitako aztarna arkeologikoak topatu dituzte bertan: Erdi Arokoak, II. Karlistadakoak eta 36ko Gerrakoak (geziak, aiztoak, dadoak, zeramikak…). Garrantzitsua da bertan topatutako txanpon bilduma ere (XIII. eta XV. mende artekoak).
Erakusketa hilaren 30era arte bisitatu ahal izango da, 10:30etik 14:30era, astelehenetik larunbatera. Erakusketa martxan dagoen bitartean, herriko ikastetxeetako ikasleak bisitan joango dira.
Errekuperatzeko proiektua
Oiartzungo Udalak, “gazteluaren aztarnen egoerarekin kezka harturik”, Aranzadi Zientzia Elkarteari hauen kontsolidazio-proiektua eskatu dio. Anartz Ormaza arkitektuak egin du proiektua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren irizpideak jarraituz. “Gazteluaren hondamena geratzea da helburu nagusia eta irisgarritasuna bermatzea, bidezidor malkartsuan gorako bideko zenbait pasarte arriskutsuak direlako”.
Proiektua gauzatuko balitz, “Beloaga aisialdi eta kultura alorreko baliabide gisa eskaini ahal izango litzateke. Honen bitartez, Gipuzkoako historiaren mugarri nagusienetako bat ezagutaraziko litzateke”.
Anderregiko erreplika
Honez gain, herriko Nafarroa Bizirik! taldeak Anderregiko hilarri erromatarraren erreplika jarri du Beloagako gaztelura doan bidean. Anderregiko hilarria k.a.-ko II. mendea eta k. o.-ko I. mendearen artekoa dela diote adituek.
Hilarriari buruzko lehendabiziko aipamena 1470ekoa da, Hondarribiko mugei buruzko dokumentu batean. Hilarri originala Donostiako San Telmo Museoan dago 1932az geroztik.