Asiako liztorren kabiak identifikatzeko laguntza eskatu du Oiartzungo Udalak
Asiako liztorren kabiak egiten hasteko garaia hasi da, eta bertako erlearentzako hain kaltegarria izaten ari den inbaditzaile honen kontrako neurriak aktibatu dira. Dagoeneko lehenengo fasean zegoen kabi bat aurkitu eta suntsitu da Oiartzunen, Aldapa Behekoan (Altzibar).
Asiako liztorren kabiaren bat identifikatuz gero Udaltzaingoari abisu emateko eskatu nahi zaie herritarrei (943 49 33 11 telefonora deituta). Ondoren, Udaltzaingoak protokoloa martxan jarriko du kabia suntsitzeko.
Era berean, Oiartzungo Udala Hernani, Astigarraga, Usurbil eta Andoaingo Udalekin elkarlanean ari da herritarrak Asiako liztorren inguruan informatzeko. Datozen asteetan, eskuorri informatiboak banatuko dira etxez etxe eta maiatzaren 2an (osteguna) Asiako liztorrari buruzko hitzaldi informatiboa izango da udaletxeko areto nagusian, 19:00etan.
Horrez gain, parke eta ikastetxe inguruetan ere panel informatiboak jarriko dira. Auzolanean, Asiako liztorrentzako tranpak ere jarriko dira (dagoeneko batzuk jarri dira). Bolondres lanetan lagundu nahi dutenek, Auzolan Brigadako kideekin harremanetan jar daitezke.