San Martzialgo II. Guduaren 200. urteurrena oroituko dute
200 urte beteko dira San Martzialgo II. Gudua izan zenetik eta hori gogoratzeko hainbat ekitaldi antolatu ditu Irungo San Martzial Alardeko Buruzagien Batzordeak. Datozen hilabeteetan hiru hitzaldi antolatuko dituzte, eta baita bisita gidatua ere gudu hura izan zen lekuetan barrena. Larunbat honetan, hilak 13, hasiko da programa, San Martzial, 1813ko abuztuak 31 hitzaldiarekin. Ramon Guirao Larrañaga izango da La Salle LHko auditoriumean emango duten hitzaldiaren hizlaria. 20:00etan hasiko da.
Hurrengo hitzaldia ekainaren 7an izango da. Sagrario Arrizabalaga Marinek San Martzialeko II. Gudua: esker ona Iruni eta Berrehungarren urteurrena ospatzea izenburua duen mintzaldia emango du La Salle LHko auditoriumean, 20:00etatik aurrera.
Hirugarren solasaldia urriaren 4an emango dute Jose María Ortiz de Orruño eta Emilio Larreinak Napoleonen okupazioa Euskal Herrian izenburupean. Beste bi hitzaldien toki eta ordu berean izango da.
Tartean, baina, bisita gidatua egingo dute San Martzialera, abuztuaren 31n. Parte hartu nahi duenak 09:00etan Lastaolan egon beharko du. San Martzialeko II. Guduaren lehen mendeurrena zela eta, Irungo Udalak jarduera programa bat prestatu zuen gudu hura izan zenetik 100 urte bete zirela ospatzeko. 1913ko abuztuaren 31n irteera antolatu zen San Martzialera eta gudua gertatu zen lekuak ikusi ziren. Orain, San Martzial Alardeko Agintarien Batzordeak irtenaldi hori berreskuratu nahi dute.
Lastaolan hasiko da ibilbidea, eta Sokoa eta Patrixi Jatetxean barrena igo ondoren San Martzialera iritsiko da. Bidean, Biriatu ikusiko dugu aurrean, handik egin baitzuten eraso Napoleonen tropek. Hainbat geldialdi egingo dira egun hartan gertatutakoak azaltzeko.
San Martzialen San Ramon mezara joango dira parte hartzaileak, ohorezko salbak egingo dituzte eta azalpen historiko txiki bat ere jasoko dute. Ekitaldia bukatzeko, plaka bat eta lore sorta bat jarriko dituzte guduaren oroitzapenezko monolitoaren ondoan hildakoen omenez.