Oiartzungo paretak apainduko dituzte larunbatean
Oiartzungo Irrien Lagunek eta Ttak-ek (kale ekintzako arduradunak) antolatuta, Oiartzungo paretak apainduko dituzte larunbat arratsaldean.
Antolatzaileek zehaztu dutenez, “haur eta gaztetxoekin 2012ko azaroan egindako hiru saioetan argi geratu zen, beraien ikuspegitik, garrantzitsua zela herriko paretak apaintzea”. Horretara dator larunbateko saioa.
Hori baino lehen, pasa den larunbatean, Errenteria-Oreretara joan ziren hainbat guraso, haur eta gaztetxo, “hormachic izenpean egin dituzten muralak eta mosaikoak ikustera”. Eta larunbatean, paretak apaintzeko zein aukera dauden ezagutuko dute.
Horretarako, material ezberdinak erabiliaz, hainbat tailer egingo dituzte. 17:00etan jarri dute hitzordua, Elizalde Herri Eskolako pilotalekuan. Han elkartuko dira parte hartzaile guztiak, eta gero adinaren arabera taldetan banatu, eta toki ezberdinetara joango dira. Antolatzaileek ohar bat ere eman diete larunbatean ekimenean parte hartuko dutenei: “Komeni da mantala edo kamixeta zaharren bat ekartzea”.