Oarsoaldeko euskara batzordeek sustatuta, Mintzagun egitasmoa martxan jarri dute eskualdean. Egitasmoaren protagonistak euskaldun berriak dira, eta behin hitz egiteko adinako maila lortu ondoren, euskaraz norekin hitz egin ez daukatenak. Hor sartzen da Mintzagun egitasmoa, Amaia Agirregabiria Pasaiako alkateak azaldu duenez, “‘mintzatzeko gune’, ‘hitz egin dezagun’ eta ‘Mintzalagun’ esamoldeak biltzen dituena”. Hiru adar ditu, eta horietako bat da maiatzaren 11n Errenteria-Oreretan egingo duten jaia. Hain zuzen, euskara ikasle horientzako jaia izango da, eta ekitaldi ugari prestatu dituzte egun osorako: bisita gidatuak Errenteria-Oreretako alde zaharrean, Flashmoba, triki-poteoa, bazkaria, kontzertua…
Bazkarira joateko zapiak egingo dituzte Mintzalagun egitasmoaren logotipoarekin, eta horiek txartel moduan erabiliko dira. Euskaltegian nahiz Zumardiko tabernetan eskuratu ahal izango dira.
Gaur eguerdian aurkeztu dute Mintzagun egitasmoa proiektuaren atzean egongo diren alde guztietako ordezkariek: udalak, euskaltegiak…
Tailerrak eta Mintzalaguna
Irati Etxebeste Oiartzungo euskara zinegotziaren esanetan, egitasmoaren beste bi adarrak euskaltegian egiten dituzten tailerrak eta Mintzalagunak dira.
Borja Arbelaitz Oarsoaldeko AEKren arduradunak eman du tailerren berri. Orain arte hiru tailer egin dituztela esan du, urrian, azaroan eta urtarrilean. Urrian, Idoia Arbelaitzek bitxigintza azaldu zuen; azaroan, aromaterapia Maddalen Etxeberriak; eta urtarrilean, Garazi Legorburuk fisioterapia landu zuen ikasleekin. Laugarrena bidean da, eta Katiuska argazki estudiokoek argazkigintza digitalaren nozioak emango dituzte. Arbelaitzen esanetan, urtean seina tailer egiteko asmoa dute, eskualdeko sei euskaltegietan: Errenteriako Udal Euskaltegia eta Xenpelar AEK-n, Lezoko Oroitzene AEK Euskaltegian, Oiartzungo Intxixu AEK Euskaltegian, Pasaiako Udal Euskaltegian eta Txirrita AEK Euskaltegian. Gaineratu duenez, tailer horien bidez, ikasleek aukera daukate euskara praktikatu eta ikasteko, modu praktikoan.
Mintzalaguna egitasmoa Pasaian eta Errenterian egiten dute gaur egun, Pasaiako Udal Euskaltegian eta Lau Haizetara elkartean. Zentzu horretan, egitasmoa indartzeko neurriak hartzeko asmoa dutela esan dute, eta eskualdeko beste herri, barruti eta auzoetara zabaltzekoa ere. Horrez gain, mintzalagunak ugaritzeko lanketa egiteko, gurasoentzako mintzalagun saioak antolatzea aztertzeko eta formatu berriak bilatzeko ahalegina egingo dutela jakinarazi dute.
Jaiaren egitaraua
- 12:00: Ongietorria
- 12:30: Bisita gidatuak Errenteriako alde zaharrean barrena. Hainbat txanda izango dira.
- 12:30: Flashmoba, Zumardian.
- 13:30: Triki poteoa, tabernaz taberna.
- 14:30: Bazkaria, Zumardian.
- 16:30: Musika emanaldia.