Hilaren 25a arte atzeratu dute epaiketa, arazo teknikoengatik
Hilaren 25ean jarraituko dute Askapenaren kontrako operazio poliziala salatzeko Hondarribian egin zen manifestazioan parte hartzeagatik bi hondarribiarren kontra gaur eguerdian Madrilgo Auzitegi Nazionalean abiatu duten epaiketa. Forentseak ezin izan du bideokonferentziaz deklaratu, arazo teknikoengatik, eta saioa atzeratzea erabaki du Angela Murillo epaileak.
12:00etan hasi da epaiketa eta aurrena akusatuek deklaratu dute. Fiskaltzak gartzela zigorra eskatzen du haientzat, “terrorismoa goratu” eta “autoritatea duten ajenteen kontra egitea” leporatuta, baina egindako galderei erantzunez, akusazioak ukatu dituzte biek.
Ondoren, manifestazioaren kontra kargatu zuten zazpi ertzainek deklaratu dute. Epaiketan izan direnek HITZAri esan diotenez, ajenteek onartu dute manifestazioaren ondoren idatzitako atestatuan ez dela aipatzen inork terrorismoa goratu zuenik.
Ertzainen deklarazioaren ondoren atsedenaldi bat egin dute, eta gero lekukoek deklaratu dute. Hauek, akusatuen bertsioa berretsi dute eta ertzainek haietako baten kontra oldartu zirela eta emaztea —beste akusatua— laguntzera joan zitzaiola adierazi dute.
Lekukoen agerraldia eta gero forentseak hartu behar zuen hitza, bideokonferentzia bitartez, baina arazo teknikoengatik ezin izan du egin. Itxuraz, goizean probatu dutenean dena ondo zebilen, baina epaiketaren unean ezin izan dute konexioa egin. Hori gabe, epaiketa bertan behera utzi eta hilaren 25ean jarraituko duela erabaki du Murillo epaileak.
Hala, bi aste barru Madrilera itzuli beharko dute akusatuek. Forentsearen deklarazioa eta bi aldeen alegatuak falta dira epaiketa bukatzeko.