‘Kalixa’ Silanes, aurkezpenean
Hemezortzi urte beteko ditu aurten Hondarribiko Zuhaitz Egunak. Hiru milatik gora haur dira dagoeneko euren izenarekin zuhaitza Jaizkibel mendian aldatuta dutenak, eta beste 180 inguruk gauza bera egingo dute larunbat goizean. Baina aurtengoa ekitaldi berezia izango da, ideiaren sortzaile izan zen Gregorio Berrotaran ez baita bertan izango. Abenduan hil zen Berrotaran eta bere ordezkoak, Juan Luis
Kalixa Silanes Landa Garapeneko zinegotziarentzat ez da egun normala izango: “Oso egun berezia izango da. Gregorio ez dagoen lehen aldia izango da, eta beretaz gogoratuko gara larunbatean ekitaldi xume batekin. Hortaz gain, Zuhaitz Egunak 18 urte betetzen ditu, esan daiteke orduan sortu zen ekimena adin nagusikoa bilakatu dela”. Berrotaranen omenez ekitaldia prestatuko du udalak eta bertan izango dira herriko ordezkariak.
Gaur goizean egin da aurtengo Zuhaitz Egunaren aurkezpena, udaletxeko multimedia aretoan, eta bertan Silanesek xehetasun guztien berri eman du. Aurten Portomokoko lurretan aldatuko dituzte iaz jaiotako neska-mutilen zuhaitzak. “Aukeratutako zuhaitza ametza izango da. Bertakoak izateaz gain —
Quercus pirenaica, Pirinioetako zuhaitza ere esaten zaio—, oso egokiak dira Portomokorako, hartzen duten neurriagatik eta hazteko moduagatik”, azaldu du Silanesek.
Iaz 178 haur jaio ziren Hondarribian, 96 mutil eta 82 neska, eta bakoitzeko ametza bat aldatuko dute haien gurasoek larunbatean. “Mutilen artean izenik ohikoenak Odei, Telmo eta Manex dira, eta nesken artean aldiz, Malen, Martina eta Elene”, gehitu du zinegotziak.
Oiamungo gainetik 500 metrora
11:00etan daude deituak iaz jaiotako haurrak eta haien gurasoak edota senideak. Aldatuko duten zuhaitzaz gain Udaleko Euskara departamentuak CD bana emango dizkie.
Ordubete beranduago zazpi urte beteko dituzten umeei makilak banatuko zaizkie. Hori ere Berrotaranek hasitako ekintza da, eta Artzukoek beraiek bete nahi izan dute berak utzitako hutsunea. Izan ere, bere alargunak eta alabak prestatu dituzte larunbatean banatuko diren 180 makilak eta jarrera hori “bereziki eskertu” du gaur goizean Landa Garapeneko zinegotziak: “Pilar eta Arantxaren jarrera eta lanerako gogoak eskertu nahiko nituzke, beraiei esker jarraituko dugu ekimen bikain honekin”.
Portomoko lurrak Artzu baserritik gertu daude, Oiamungo gainetik kilometro erdira. Udaletik eskatu dute ahal den heinean ibilgailuak santutegiko aparkalekuan uzteko, baina Oiamungo gainean ere aparkatzeko aukera izango da. Hortik, Artzurako bidea hartu beharko da eta baserritik beheraka doan bidea hartu, ezkerretik.