Errenteria-Oreretako Don Bosco ikastetxeko hainbat ikaslek aurten ere lantokiko praktikak euskaraz egiteko erabakia hartu dute. Horren abiapuntua da, Oarsoaldeko Euskara Zerbitzuaren arabera, ikastetxeak azken urteetan D ereduaren aldeko “ahalegin handia” egin duela, eta duela zazpi urtetik D ereduko ikasleen kopurua, beraz taldeen kopurua, handitu egin dela. Hala, Oarsoaldeko Euskara Zerbitzuak jakinarazi du lantokiko praktiketan hizkuntza alorrean “hutsunea” egon dela, eta horri aurre egiteko praktika horiek euskaraz egin ahal izango dituzte hainbat ikaslek, honako enpresatan:
- Papresa SA (Errenteria-Orereta)
- Tecnalia (Miramon, Donostia)
- Easo Motor SA (Oiartzun)
- Lurauto-Gipauto SA (Oiartzun)
- Asea Brown Boveri Niessen SA (Oiartzun)
- IDK elektronika (Errenteria-Orereta)
- Txingura tailerra (Errenteria-Orereta)
- CAF (Irun)
- Linke (Donostia)
‘Hutsune’ hori zuzendu nahian, Oarsoaldeko udalek, euskara zerbitzuaren bidez, Don Boscon 2009-2010 ikasturtean esperientzia pilotua gauzatu, eta praktikak euskaraz egiteko oinarri-oinarrizko baldintzak zehaztu zituzten: instruktorea euskalduna izatea; ikasleari harrera ahoz eta idatziz euskaraz egiteko bideak jartzea; ikaslea mugituko deneko enpresaren atalean errotulazioa euskaraz egotea, eta ikasleak eguneroko lanean erabili beharko duen dokumentazioa euskaraz egotea, Jaurlaritzaren laguntza izan zuen egitasmoak. Hala, aurten, bederatzi enpresak bat egin dute egitasmoarekin (iaz baino bat gehiago), eta denera 18 ikaslek baliatu dute eskaintza, eta martxoaren 14an abiatu zituzten praktikak.
“Oarsoaldeko lau udalentzat berebiziko garrantzia dute lantokiko praktikek, lan mundurako jauzian, hizkuntzari dagokionez erabakigarrienean, euskaraz jarraitzeko aukera ematen duelako. Bestetik, berriz, euskarari lantokietarako sarbidea modu naturalean egiteko aukera paregabea eskaintzen du ekimenak”.