Loreak errepidean film luzea filmatzen
hasi ziren atzo Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga Oiartzunen. Oiartzunen hasi eta Zumaia, Bera, Leioa, Irun eta Donostian jarraituko dute grabatzen. Euskal Telebistaren eta Euskaltelen babes eta laguntzarekin, “euskara hutsean estreinatuko den lan bakanetarikoa izango da aurten”.
Igor Susaetak
Berria egunkarirako martxoaren 12an idatzitako erreportajean azaltzen dira filmaren nondik norakoak.
Memoria, ahanzturarekin talkan
‘Loreak errepidean ‘ film luzea filmatzen hasiko dira Jon Garaño eta Jose Mari Susaeta
Hildakoaren emaztea ahaleginduko da gertatutakoa ahazten. Aurrera egingo du, atzera begira jarri gabe. Haren antagonista da hildako gizonaren ama. Semea gogoan eduki nahi du denbora guztian. «Ahanzturaren eta memoriaren arteko tira-bira bat dago», azaldu du Jose Mari Goenagak. Izan ere, Loreak errepidean pelikulak, Goenagak eta Jon Garañok elkarrekin zuzenduko duten bigarren film luzeak, memoriaren inguruko «gogoeta» bat plazaratu nahi du. «Batzuk saiatzen dira galdu dugun hura memorian behintzat mantentzen, galdutakoa bizirik edukitzeko modu bat delako». Apirilaren 8an hasiko dira eszenak filmatzen.
Aurreprodukzioa egiten ari dira orain. «Taldekide dezente lanean gabiltza jada. Zuzendari laguntzailea, ekoizlea, dekoraziokoak… Alde batetik, planifikazioa zehazten: planoak-eta, storyboard-a eta gidoi teknikoak. Eta, bestetik, hasi gara aktoreekin entseatzen», jakinarazi du Garañok. Itziar Ituñok jokatuko du alargunaren rola, eta Itziar Aizpuruk amarena. Filmeko hirugarren protagonistarena, berriz, Nagore Aranburuk egingo du. Beste bi «pertsonaia garrantzitsu» edukiko ditu pelikulak. Joxean Bengoetxeak jokatuko du horietako baten rola, eta beste aktorea nor izango den— gizonezkoa hori ere bai— «zehaztu gabe» dago oraindik.
Zuzendariek ez zuten hautaprobarik egin amaren rolerako aktorea aukeratzerakoan, baina bai, ordea, gainontzekoetarako. «Aktore asko etorri ziren, eta duda asko eduki genituen aukeratzerakoan. Hiru faseko hautaproba bat izan da», adierazi du Garañok.
Sei bat aste beharko dituzte filmatzeko, eta «behin-behinean» Loreak errepidean izena jarri diote lanari. «Igual aldatu egingo diogu… Momentuan egokia iruditzen zaizu, baina… 80 egunean grabatzen ari ginenean Axun eta Maite izena zuen… Orain ere gauza bera gerta daiteke», esan du Garañok.
Aldatuko ez dena istorioa da. Goenagari bururatu zitzaion, irudi bat ikusi zuenean. «Ikusi zituen lore batzuk errepidean, eta hortik jaio zen». Lore horien atzean «zer edo nor» zegoen erakutsiko dute. «Pertsona bat desagertzen denean, batzuek era batera jokatzen dute, eta besteek, bestera». Drama bat da «neurri handi batean» Garañorentzat, baina badute «asmoa» suspensearekin jokatzeko. Goenagak egin zuen gidoiaren aurreneko bertsioa, eta «oso itxia» zen Garañoren ustez. «Aitor Arregi eta biok hari laguntzen ibili gara».
Idatzitako pertsonaiek emango dute jokoa. «Oso ezberdinak dira haien artean, eta pertsona bat galtzen dutenean nola erreakzionatzen duten ikusiko da», aurreratu du Goenagak. Alarguna emakume «oso independentea» da, «oso indartsua», barrutik «kaotiko samarra» den arren. «Alargun geratutakoan, senar ohia ahazten saiatzea izango da bere erreakzioa. Pasatakoak alde batera utzi nahi ditu. Baina ahanztura hori behartutakoa da neurri batean…». Amak, aldiz, «semea gogoan eduki nahi du». Hor sortzen da memoriaren eta ahanzturaren arteko talka. Eta «tentsioa», bi pertsonaien artekoa. «Bakoitzak jarrera bat hartuko duelako».
Aranburuk jokatuko duen pertsonaia «satelitea», berriz, «diferentea» da. «Ez dago alargunarekin eta amarekin oso zuzenean harremanduta. Ez dakigu zein neurritaraino ezagutzen zuen hildakoa, baina saiatuko da memoria hori sortzen. Hori berregiteko interesa dauka».
Haiekin entseatzen ari dira orain, eta, bide batez, «kokalekuak zehazten» ere bai. «Batzuk, gutxi gorabehera, zehaztuta daude. Garrantzitsuak sei izango direla esan daiteke», argitu du Garañok. Oiartzunen, Berako errepide batean, Zarautzen eta Donostiako bi etxetan. Seigarrenerako garabi bat behar dute. «Oso berezia behar du kokaleku horrek».
Estreinaldirako datarik gabe
Hasiko dira filmatzen, baina ez dute estreinaldirako datarik jarri. «Beste batzuetan epe bat zehaztu izan dugu, baina kasu honetan nahiago dugu lasai hartu. Gustatuko litzaiguke aurten izatea; abendu aldera edo». Hori da haien asmoa, baina «atzeratu» daiteke. «Askotan gertatu izan zaigu».
Moriarti eta Irusoin ekoiztetxeek ekoitzi dute filma. 80 egunean-en «jarraipen baten modukoa» izango da lantaldeari dagokionez. «Iguala da ia. Jose Marik [Goenaga] eta biok zuzenduko dugu; argazki zuzendaria Javier Agirre izango da; Ander Sistiaga produkzio arduraduna Xabier Berzosarekin batera; Iñaki Diez soinuaren erantzulea…». Zuzendariaren laguntzailea, berriz, «luxuzkoa» izango da: Telmo Esnal. Bi ekoiztetxeez gain, Euskal Jaurlaritza, EITB eta Euskaltel dira proiektuaren babesleak, «oraingoz». Apirilaren 8an dira filmatzen hastekoak irudi batetik sortutako memoriari buruzko gogoeta fikzionatua.
’80 egunean’ filma ehun jaialditan baino gehiagotan estreinatu dute
Nerabezarotik lagun ziren bi emakumezko helduren —Axun eta Maiteren— arteko istorioa kontatu zuten Goenagak eta Garañok 80 egunean-en, biek batera egindako aurreneko pelikulan —film laburrak eginez hainbat sari irabazitakoak dira—. 2010eko maiatzean estreinatu zuten, eta, geroztik, munduaren luze zabaleko ehun jaialdi baino gehiagotan erakutsi dute filma. «Gure istorioa oso hemengoa zela uste genuen, baina Karlovy Varyko [Txekiar Errepublika] zinema jaialdian esan ziguten pertsonaiak oso txekiarrak zirela», kontatu izan du inoiz Garañok. Pelikulak edukitako oihartzunak eman die «beste zerbait» egiteko aukera. «Hark funtzionatu izanak lagundu du pelikula hau egiterakoan. Lagungarria da babesleen aurrean», onartu du Garañok.