Gaur elkarretaratzea egingo dute bihar Madrilen epaituko dituzten herritarrei elkartasuna adierazteko
Gaur arratsaldean elkarretaratzeko deia luzatu du Hondarribiko Bilduk, bihar Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituzten herritarrekin elkartasuna agertu eta “epaiketa politikoen” kontrako iritzia adierazteko. 19:30ean izango da protesta ekitaldia, Miramarren.
2010eko irailaren 27an Askapenaren kontra egindako sarekada salatzeko Hondarribian egin zen manifestazioan bi lagun identifikatu zituen Ertzaintzak eta bihar, asteazkenarekin, epaituko dituzte Madrilen. Fiskalak kartzela zigorra eskatu du bientzat, “terrorismoa goratzea” eta “autoritatea duten agenteei atentatua” egitea leporatuta.
Bilduren ustez, epaiketa politikoa da eta ertzainek bi lagun horietako bat gogor kolpatu zutela eta bestea haren emaztea dela nabarmendu dute. Koalizioak gogorarazi du Ertzaintzak sarekadaren kontra egin zen manifestazioan kargatu eta gero izan zirela istiluak. Mobilizazioak baimena ez zuela-eta arduraduna identifikatzera joan ziren ertzainak, eta bildutakoen ezetza jaso ondoren kargatu zuten. EH Bilduren arabera, “Ertzaintza oldartu eta kolpeka hasi zen. Lehenengo kolpea gazte batek jaso zuen buruan, eta lurrean odolez gelditu zen”.
Ondoren, beste hiru polizia eta paisanoz jantzitako laugarren bat manifestari batengana joan ziren, “esandakoengatik minduta edo”, eta kolpatzen hasi ziren, “bere gorputzean porra bat puskatu zutelarik”. Emaztea laguntzera joan zitzaiola, baina ez ziotela hurbiltzen utzi gaineratu du EH Bilduk, “are eta gehiago, biak kolpatzen jarraitu zuten”. Hain zuzen ere, senar-emazte horiek dira datorren astean Espainiako Auzitegi Nazionalean epaituko dituztenak. Kolpatuta izaten ari zirenak laguntzera joan ziren herritarretako bat atxilotuta eraman zuten ertzainek.